Telmo Deun taldeko neskek ez dute parekorik. Horrela erakutsi dute beste behin ere etxean jokatutako Zumaiako VII. Ikurriña proban. Aurreko astean hasi zuten ETE liga, eta lau probetatik lauak irabazi dituzte. Gaurkoan, 11 minutu eta 27 segundu pasatxoan burutu dute lehia (11:27,92), eta bigarren sailkatu den Astillerori zortzi segundu inguruko tartea atera dio etxeko traineruak (11:35,90).
Zarautzek ez du lortu irabaztea, baina lan txukuna egitea lortu dute, eta horrenbestez, hirugarren postuarekin itzuliko dira etxera. Izan ere, bigarren sailkatu den Astillero baino bi segundu inguru geroago amaitu dute gaurko estropada Enbatako neskek. Gauzak horrela, sailkapen orokorraren erdian dago Zarautz, laugarren, 21 punturekin.
Mutilak, bigarren
Neskek bezala, mutilek ere lan ona egin dute gaurkoan, eta atzo bezala, bigarren postua eskuratu dute gaurkoan Zumaian.
Estropada binakako erlojupekoen jokatu dute, seiko bi txandatan banatuta. Hain zuzen, bigarren txandan aritu dira bai Zumaia eta bai Zarautz, lehenengoa Pedreñaren aurka eta bigarrena San Juanen kontra. Biek galdu dituzte txandak, Zumaiak tarte gehiagorekin Zarautzek baino. Dena den, azken horiek parez pare eusteko gai izan dira azkenengo momentura arte eta ez diote San Juani estropada hausten utzi. Sailkapen orokorrari dagokionez, Zarautz bigarren postura igo da, eta 29 puntu ditu guztira.