Gipuzkoako Harri Txiki Txapelketan lehiatuko dira Gesalaga, Osa eta Zumeta

Aritz Mutiozabal 2024ko ekainaren 30a

Lierni Osa. (Ibon Errazu)

Bederatzi harrijasotzaile ariko dira gaur arratsaldean nor baino nor, Aiako Andatza auzoan. Hiru harrirekin ariko dira lanean.

Aiako Andatza auzoko sanpedroen barruan, 2024ko Emakumeen Gipuzkoako Harri Txiki Txapelketa jokatuko da gaur arratsaldean. Lehia 17:30ean hasiko da, eta, guztira, bederatzi harri-jasotzailek hartuko dute parte; horien artean, hiru zarauztarra izango dira: Maddi Gesalaga, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.

Gainerako sei parte hartzaileak honako hauek dira: Goizeder Abendibar,Garazi Ansa, Estefania Etxebeste, Olaia Esnaola, Udane Esnaola eta Aroa Sanchez, hain zuzen ere.

Hiru harrirekin arituko dira lanean, bakoitzarekin hiru minutuko txanda eginez: 62,5 kiloko zilindrikoa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bolarekin, alegia. Orotara, altxadi gehien eta pisu gehien jaso duenarentzat izango da garailearen txapela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide