ZKE Halterofiliak antolatuta, Zarautz Altxa saria jokatuko dute gaur Aritzbatalde pilotalekuan. Malekoian egin izan dute ekitaldia gehienetan, baina iaz gertatu bezalaxe, eguraldi iragarpenak euria aurreikusten duenez, aterpera jo beharko dute berriro. Bi txandatan jokatuko dute 11:30etik 15:00etara goizean eta 16:30etik 18:00etara arratsaldean, eta, bertaratzera animatu nahi izan dituzte herritarrak.
Antolatzaileek azaldu dute, halaber, ekitaldiaren helburu nagusia dela “herriko taldeko altxatzaileei aukera ematea tarimara ateratzeko”. Horregatik, etxekoak izango dira parte hartzaile gehienak. Hala, lesioren batengatik edo beste arrazoiren batengatik parte hartzeko aukera ez duten altxatzaileak salbu, ZKE Halterofiliako altxatzaile guztiak lehiatuko dira gaur. Dena den, ez dira bakarrik ariko; izan ere, aurten ere bada gonbidaturik. Zaragozako (Espainia) Helios taldeko zortzi ordezkarik parte hartuko dute, hain zuzen ere.