Sanpelaioak atzean utzita, Zarauzko bizilagunak eta bisitariak udalaren udako proposamen sortari begira jarriko dira bete-betean, gaur bertatik hasita. Egitarau zabala osatu du, beste behin, ia 150 ekintzarekin, eta, ia egunero izango da zer egina. Atzotik ari dira esku-orriak etxez etxe banatzen ekitaldien zerrenda osoarekin, baina online ere ikusgai dago, lotura honetan.
Xabier Txurruka alkateak nabarmendu duenez, “denetarik eta denentzat” izango da udan Zarautzen; izan ere, ez dira faltako, jaiak, kontzertuak, kaleko antzerkiak, bertso saioak, kirol ekitaldiak eta bestelakoak. Ikusmin handiena sortu dezaketen ekitaldien artean Aste Nagusiko kontzertuak daude, eta, horren harira, alkateak argitu du bost kontzertu antolatu dituztela aurten iazko zazpien aldean: “Amabirjin egunaren bezperan, abuztuaren 14a, asteazkena, hasiko da eta igandera arte luzatuko da. Dena den, egun horiek topera ospatuko ditugu; izan ere, kalitatearen aldeko apustua egin dugu”. Hala, La Pegatina, ETS, Mikel Erentxun, Izaro eta Puro Relajo taldeak izango dira malekoiko gauak girotuko dituztenak aurtengo Aste Nagusian.
Horrez gain, Leire Arana Turismoko, Jaien eta Ekitaldien zinegotziak azaldu du “iazko udako egitarauko berritasun nagusia izan ziren eta arrakasta handia izan zuten erromeriak igandero” eskainiko dituztela aurten ere. Lehenengoa bihar bertan izango da Alaitz Roteta eta Ainara Salazarren eskutik. Zentzu horretan, udaleko ordezkariek adierazi dute duela bi urte asteazkenero herri kirolen saioak antolatzen hasi eta egonkortzea lortu duten bezalaxe, erromeriekin gauza bera egin nahi dutela.
Bada, herri kirolei lotuta, hain justu, Aranak jakinarazi du uztailaren 20an, larunbata, bi saio berezi eskainiko dituztela Esparragueratik (Katalunia) etorritako Castellersekin batera. Lege Zaharren Enparantzan arituko dira goizean eta arratsaldean euskal eta katalan kulturak uztartzeko. Malekoian, bien bitartean, Rallyko autoen geldialdia egingo dute Dama parean, Azpeitiko Urraki eskuderiaren auto klasikoak erakusteko. Hori baino astebete lehenago, berriz, antzinako motorren ibilaldia eta erakustaldia egingo dute herriguneko kalean Derlanen 70. urteurrena ospatzeko.
Kultur eskaintza zabala
Kultur ekitaldiak ere askotarikoak izango dira, eta, udak berekin ekarri ohi duen eguraldi eguzkitsua baliatuta kalean egiteko aurreikusi dituzte gehienak. Dena den, euria egingo balu B planik ere izango dute, areto estalietara mugituko baitituzte. Hala, uztailaren 4tik 6ra kaleko antzerkien Kalerki jaialdia egingo dute eta 11tik 13ra bertso astea. Halaber, uztailaren 11ean eta 18an, eta abuztuaren 1ean, 8an eta 29an, ostegunak guztiak, haurrei zuzendutako antzezlanak eskainiko dituzte kalean Antzerkia Familian egitasmoaren barruan. Villa Manuelako frontoian izango dira, hain zuzen ere.
Musikak ere izango du bere tokia kultur eskaintza horren barruan; izan ere, Udako Musikaldiak ez du hutsik egingo. Klara komentuak hartuko ditu kontzertua bigarren urtez, eta 36. edizioa izango da aurtengoak. Gainera, izango du berritasunik, joan den urteetan ez bezala sarrera ordainpekoa izango baita. Irune Urbieta Kultur zinegotziak arrazoitu duenenez, “orain arte doakoa zenez, hainbat lagunek sarrerak eskatzeko ohitura zuten, baina gero ez ziren agertzen. Horrek eragiten zuen kontzertuak ikustera joan nahi zuten beste hainbat lagun kanpoan geratzea sarrerak agortuta zeudelako, areto barruan eserleku hutsak zeuden bitartean. Hori ekiditeko 4 euroko prezio merkean jarri ditugu sarrerak oraingoan”.
Urbietak jakinarazi du, halaber, lau egunetan kontzertu beharrean hiru izango direla aurten: “Gospel kontzertua izango da parrokian Udako Musikaldirako aurreikusitako egun eta ordu berean, eta biak ildo berekoak, klasikoak, iruditu zaizkigunez egitaraua murriztea erabaki dugu. Dena den, saio bat gutxiago antolatu dugunez, egingo ditugun hirurak ohi baino maila altuagokoak izango dira. Pianoa izango da nagusi hiru ekitaldietan”. Hori horrela, abuztuaren 2an, 23an eta 30ean, ostiralez, izango dira Udako Musikaldiko kontzertuak.
Udalak aitortu duenez “handia” izan da udako egitaraua aurrera eramateko egindako inbertsioa, baina nabarmendu du, aldi berean, “urte osoan” egiten dutela ahalegina proposamen erakargarriak Zarautzera ekartzeko: “Irudi dezake udari begira soilik antolatzen ditugula ekitaldiak, baina neguan ere maila handiko kultur saioak eskaini ditugu eta ia astebururo izaten da zer egina herrian”, adierazi du Urbietak.