Joan den astetik abian dira ETE eta KAE1 traineruen ligak eta asteburu honetan jardunaldi bikoitza izango dute: Donibane Lohizunen (Lapurdi) arituko dira larunbatean, 12:00etan hasita ETE ligakoak eta 17:30etik aurrera KAE1ekoak, eta, Zumaian, igandean. 11:00etan ekingo diote ETE ligako estropadei eta horiek amaitutakoan hasiko dira KAE1ekoak.
ZAEk traineru traineru bana du liga bakoitzean eta joan den asteko emaitzak hobetzea izango dute helburu biek. Emakumeek hirugarren postuan amaitu zuten liga iaz eta laugarren sailkatu dira aurtengo lehenengo bi estropadetan. Gizonak, bestalde, ohorezko txandan aritzeko itxaropentsu agertu ziren taldearen aurkezpenean, baina seigarren sailkatu ziren joan den astean.
Eusko Label eta Euskotren bihartik martxan
ETE eta KAE1 ligak jada abiatuta, bihar arratsaldean jokatuko dituzte lehenengo estropadak maila bat gorago dauden Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruek. Galiziako uretan ekingo diote denboraldiari aurten ere. Hala, biharko lehenengo estropada A Coruñan jokatuko dute 17:25etik aurrera, eta bigarrena, etzi, Bueuen, 11:25ean hasita. Bi egunetan Euskotrenekoak izango dira uretaratzen lehenengoak.
Zarautzek hartuko du gorengo mailako estropadarik aurten ere, eta, beste behin, Euskotren liga herrian amaituko da, gainera. Bi jardunalditara jokatuko dute Zarauzko ikurrina, ohi bezala, abuztuaren 17 eta 18ko asteburuan, hain zuzen ere.
Euskotren eta Eusko Label ligei eusteko edota mailaz igotzeko play-off-ak, berriz, Bizkaian jokatuko dituzte berriro ere: irailaren 14 eta 15eko asteburuan izango dira, Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren. Estropada horiek Eusko Label ligako hemeretzigarren eta hogeigarren jardunaldiekin bat egingo dute eta azkenak izango dira. Emakumeek, berriz, hamasei jardunaldi jokatuko dituzte, guztira.