Global Training bekak eska daitezke dagoeneko

Ian Ruiz Lizaso 2024ko ekainaren 27a

Laguntzak eskatzeko azken eguna uztailaren 19a izango da; aurten, 80 beka eskainiko dituzte.

Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi du dagoeneko eska daitezkeela 2024ko Global Training bekak. Gazteei atzerrian lanbide praktikak egiteko laguntzak eskaintzen dizkien programa da hori, eta aurten, zehazki, 80 beka eskainiko dituzte. Laguntza jasotzen dutenek 1.635 euro jasoko dituzte hilero, Gizarte Segurantza eta PFEZ kenduta. Iraupenari dagokionez, sei hilabetekoa izango da gutxienez, eta munduko dozenaka txoko nahiz enpresa izango dituzte aukeratzeko gazteek.

Beka eskuratzeko beharrezkoa izango da unibertsitateko edo goi mailako ikasketak eta B2 ingeles maila duten 30 urtetik beherako gazteak izatea. Horrez gain, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin eta etenik gabe 2024ko urtarrilaren 1erako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erroldatuta egon beharko dute eskaitzaileek. Ingeles maila egiaztatzeko, ahozko eta idatzizko probak egingo dizkiete ziurtagiriak ez dituzten gazteei. Bestalde, ezinbestekoa izango da hautagaiek atzerrian sei hilabeteko edo hortik gorako praktika egonaldiak errazten dituen bekarik aurrez jaso ez izana. 

Gainera, hautagaiek ezin dituzte izan administrazioaren diru laguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dieten zigorrak eta debekuak, eta nahitaezkoa izango da beka «normaltasunez garatzeko» gaixotasun, muga fisiko edo psikiko nahiz patologiarikk ez izatea. Bekak eskatzeko azken eguna uztailaren 19a, ostirala, izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide