Lege Zaharren Enparantza beteta eta Musika Bandak eta danborrek jarritako erritmora eman diote ongietorria San Pelaio egunari gauerdian. Eguraldia lagun, adin askotariko herritarrak bertaratu dira, beste behin, txupinazoaren jaurtiketa eta banderaren igoera ikustera. Berdin danbor joleekin ere, zabala izan da parte hartzaileen adin tartea.
Nolanahi ere, aurtengo danborradak izan du berezitasunik. Plazako argiztapena aldatuta, bestelako distira izan du aurtengo ekitaldiak. Halaber, omenaldietarako tarterik ere izan da festa festa lehertu aurretik. Elkarte guztiak plazan bildutakoan eman diote San Pelaio makila Karmele Alberdi Alkartetxea elkarteko kideari, eta, haren atzetik aitortza egin diete kale garbitzaileei. Torreiaren erreplika eman diete eta ondoren, udaletxeko balkoira igo dira guztiak, bandera igo eta herritarrak agurtzeko. Behin jaia lehertuta, ordu txikiak arte luzatu dute festa askok.