Sanpelaioak 2024

"Behin bakarrik bizi daiteken momentu magikoa izango da"

Ian Ruiz Lizaso 2024ko eka. 25a, 12:00

Zarautz Garbia Ute. (GUKA)

Udalak San Pelaio jaiei hasiera emateko ohorea emango die herriko kale garbiketaz arduratzen direnei. Alai eta pozarren igoko dute bandera gauerdian udaletxeko balkoitik.

Zarauzko San Pelaio Jaietako aurtengo omendua Zarautz Garbia Ute enpresako kale garbitzaileak izango dira. «Ilusio handiz» jasoko dute gauerdian bandera igotzeko Zarauzko Udalak egindako gonbita, haientzat «ohore handia» izango dela aitortu baitute. Gainera, etorkizunera begira, enpresaren osperako «onuragarria» izango dela espero dute enpresaren arduradun Fernando Morenok eta Yolanda Rey administrazioko langileak: «Herritarrak gutaz gogoratzeak pertsona berezi bihurtzen gaitu. Motibazio gehiagorekin egingo dugu lan, eta enpresarekiko nahiz lanbidearekiko daukagun harrotasuna areagotu zaigu».

Moreno izan zen jakiten aurrena: “Ni izan nintzen alkatearen eskutik berria jaso nuen lehenengo pertsona”. Gainerako lankideei lantokiko telebistan idatzitako mezu baten bidez jakinarazi zieten. Ondorioz, azken egunetako lan giroa “urduria” izan da guztiek gaurko gaua iristeko irrikaz daudelako. Hainbeste urte lanean igaro ondoren, “merezitako aitortza” herritarren aurrean egiteko unea heldu da.“Askotan kale garbitzailearen lanbidean gizonezkoak nagusitzen dira”, baieztatu du Reyk. Enpresako lantaldearen gehiengoa gizonezko da, bi emakume izan ezik. Horregatik, garbitzaileek omenaldia jasoko dutenean enpresako emakume batek hartuko du protagonismoa berdintasunaren balioak aldarrikatzeko. “Guztiok gara langileak eta denok errekonozimendu berdina jaso behar dugu”, jakinarazi du enpresako arduradunak.

Enpresako langileentzat gau berezia izango den arren, jai egun hauetan espero duten zabor kopuruaren aurrean prest daude eta zorrotz antolatu dira. “Asko daukagu ospatzeko, baina hurrengo eguneetan goizean goiz lanean egon behar dugu gure betebeharrekin jarraitzeko”, adierazi dute. Jaietan zerbitzu bereziak ezarriko ditu Zarautz Garbia Utek herriko kaleak garbi mantentzeko. «Lau egun bortitz datoz aurretik, baina ez dira Euskal Jaiak baino gogorragoak izango», kontsolatu da Rey.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide