"Inoizko kota handiena" du hegaluzeak aurten, baina "gutxi" ari dira arrantzatzen momentuz, Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak Gukari kontatu dioenez.
Azken urteetan azkar sartu izan da hegaluzea Bizkaiko Golkoan, eta harrapaketa ere ona izan da Urrestiren hitzetan. Aurten, ordea, "desberdin dator" kanpaina. "Lehen itsasora ateratzen ginen sanjoanak eta sanpelaioak pasatuta, eta azken bost urteetan azkartu egin da hori, arraina kolpetik gerturatu zaigulako gure uretara. Aurten, alderantziz, pixkanaka-pixkanaka dator, motel".
Desberdintasunaren arrazoia uraren tenperaturan dagoela azaldu du Urrestik. "Azken urteetan Golkora ur korronte beroak sartu izan zaizkigu, eta horrek eragin du arraina gure kostaldera gerturatzea. Aurten, berriz, gure arrantzaleak kostaldetik gertu ari dira arrantzatzen ur poltsa epel bat dagoelako eta hor dagoelako arraina, baina Kantauri Itsasoan ura iaz garai honetan baino bi gradu hotzago dago; iaz 21-22 gradu genituen sasoi honetan, eta aurten 19 gradu ditugu. Alde hori handia da".
Udaberrian antxoaren kanpainan ere "inoiz baino eguraldi txarragoarekin" aritu direla esan du Getariako Kofradiako presidenteak, eta horrek ez duela laguntzen ura epeltzen. "Pitinka-pitinka epelduko da, lehen ere hala izaten baitzen, eta aurten ere esperantza badugu", gaineratu du. Horrekin batera hegaluzearen kanpainak hobera egingo duela uste du Urrestik.
Bisiguaren galeraz
Bestalde, bisiguaz ere aritu da Getariako Kofradiako presidentea, hedabide honen galderei erantzunez. Izan ere, uztailean Orion egingo den Bisigu Festan erdira jaitsi dituzte arrain hori eskainiko duten otordu kopurua bisigu eskasia dela eta. Urrestiri horri buruz galdetuta, hainbat azalpen eman du, eta atzera begira ere jarri da. "Garai batean ondo arrantzatzen zen hemen bisigua, bi kala zeudelako, bat Pasaiatik iparralderantz, eta bestea Bermeo aldean. Neguan hartzen zen, San Anton egunean usadioa izaten zen bisigua jatea Getarian. Baina arrantza modalitate batekin, arrastrekoarekin, bisiguaren gordelekuak puskatu egin zituzten, eta bisigua desagertu egin zen, bere ziklo naturalerako tokirik gabe gelditu zelako". Hori duela 60 bat urte gertatu zela dio.
Orain, berriz, "bisigu txikiak" arrantzatzen dituzte, eta Tarifan (Espainia), Azoreetan eta Eskozian arrantzatzen dute, "baina gero eta zailago dago, eta kanpotik ekarri behar izaten da", esan du. "Eskari handia" dagoela azaldu du, batez ere uda partean jatetxeen aldetik, eta itsasoak ez duela ematen horrenbeste.