Turismo Plan Estrategikoa eguneratzeko unea dela erabaki du Zarauzko Udalak, hau da, datozen urteetako lan ildo estrategikoak zehaztekoa. Hala, Turismo departamentuak eguneraketaren lehen fasea jarriko du martxan, eta Gura Market_IN enpresaren laguntza izango du zeregin horretan.
Hasierako fase horri dagokionez, egungo egoeraren diagnostikoa egingo da, ondorengo azterketa eta zehaztapenetarako oso baliagarriak izango diren datu eta ikuspuntuak eskuratzeko. Diagnostikoarekin hasteko, parte hartze prozesua jarriko dute martxan. Aurrena, bi galdeketa plazaratuko dituzte: bata, herritarrei zuzendutakoa eta bestea, sektoreko eragileei zuzendutakoa; hala nola. ostatuak, ostalaritza, merkataritza, enpresa turistikoak.
Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute galdetegi honi erantzunez edo herriko hainbat puntuetan dauden postontzietan ekarpenak egin daitezke: Aritzbatalde kiroldegian, Sanz Enean, Turismo Bulegoan eta Malekoiko informazio puntuan, alegia. Uztailaren 10ra arte dago horretarako epea.
Bigarren fasean elkarrizketak egingo dituzte Zurekin eta Murkileko batzordeko kideekin, udaleko langile eta ordezkari politikoekin, lehen faseko diagnostikoaren emaitzak erakusteko eta baliagarria izango den informazio gehigarria eskuratzeko.