Zarauzko ontziek eman dituzte lehen paladak traineru ligetan

Juan Luis Romatet 2024ko ekainaren 23a

Emakumeen Zarauzko trainerua gaur Pasaian. (EITB)

Emakumeen ETE traineru ligako bi jardunaldi jokatu dituzte asteburuan eta gizonen KAE-1 ligako bat.

Arraun denboraldia martxan da dagoeneko. ETE eta KAE-1 ligetako lehen estropadak jokatu dituzte asteburu honetan, eta horietan parte hartu dute Zarauzko Arraun Elkarteko ontziek. 

Atzo arratsaldez ekin zioten emakumeen ETE ligari, Astilleron (Kantabria, Espainia). III. Bandera Real Astillero de Guarnizo jokatu zuten, eta erlojuaren aurko estropadan laugarren izan ziren zarauztarrak. Postu bera lortu du gaur Pasai Donibanen jokatu duten XI. Pasaiako Ikurriñan, ligako bigarren jardunaldian. Pasaiakoa ere erlojuaren aurka jokatu dute, euripean. 

Bi jardunaldi jokatuta, sailkapen orokorreko laugarren postuan da Zarauz, 10 punturekin, lider den eta asteburuko bi banderak irabazi dituen Zumaiarengandik sei puntura.

Hurrengo hitzordua datorren larunbatean izango dute, eguerdi partean jokatuko duten Donibane Lohitzune Ziburuko VII.Ikurriña. 

Gizonen KAE-1 ligak, berriz, gaur eman ditu lehen paladak. Pasaian izan da, emakumeen estropaden ondoren jokatu den III. CMO Valves Banderarekin. Etxeko ontziak erraztasun handiarekin irabazi du bandera. Zarauzko traineruak, bere aldetik, seigarren postuan amaitu du lana. Hala, estropada bakarra jokatuta, sailkapenean seigarren dira zarauztarrak.

ETE ligako ontziak bezala, KAE-1eko traineruak ere Ipar Euskal Herrira joango dira datorren larunbatean, Donibane Lohitzuneko estropadan parte hartzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide