Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulariak Espainiako Txapelketa irabazi du gaur San Lorenzo del Escorialen (Madril, Espainia) hasi eta bukatutako 116,8 kilometroko ibilbidea izan duen errepideko proban. Zarautzarrak hiru ordu, zortzi minutu eta 56 segunduko denborarekin igaro du helmuga, bere taldekide Yurani Blanco baino bost segundu lehenango.
Ospakizunez beteriko asteak ari dira izaten Ostolazarentzat. Aurreko astean Pirinioetako Tourra irabazi zuen eta bere taldeari orain arte lortu gabe zuen garaipena eman zion; izan ere, Laboral Kutxak lehenengo aldiz irabazi zuen lasterketa bateko sailkapen nagusia.