Lehen eta azken pedalkadak, familian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 21a, 10:00

Lukas Blanco bere bizikletari konponketa egiten, Angel Mari Garrastazu aitona laguntzaile duela. (Jabi Gonzalez Toston)

Lukas Blanco (Orio, 2008) gaztea hirugarrenez arituko da mekanikari bihar, Quebrantahuesos martxa zikloturistan. Haren aitona Angel Mari Garrastazuk (Zarautz, 1959), berriz, 25. eta azken aldiz parte hartuko du proban.

Huescan (Espainia) jokatzen badute ere, aski ezaguna da Quebrantahuesos martxa zikloturista Urola Kostan. Urtero joaten dira hara eskualdeko hamarnaka txirrindulari afizionatu proban parte hartzeko, eta biharko edizioa ez da salbuespena izango.

Nolanahi ere, bizikleta hartuta 200 kilometroko ibilbidea egingo duten parte hartzaileez harago, ehunka lagun bertaratzen dira hara. Proba jokatuko duen senide edo lagunen bat animatzeko egiten dute gehienek, baina badira bestelako lanak egitera doazenak ere, Lukas Blanco Zarauzko bizilaguna kasurako. Mekanikari lanetan aritu da Hoz de Jacako anoa gunean azken bi edizioetan, eta errepikatu egingo du. "Lehen antolatzaileek postua jartzen zuten bertan matxurak konpontzeko, baina badira bizpahiru urte jarri ez dutela. Duela bi urte gizon bat heldu zen gurpila zulatuta zuela, eta kamera aldatzen lagundu nion. Ondoren, pinoiak aldatzeko gailua hautsi zuen beste bat iritsi zen, eta hari ere konpondu nion arazoa momentuko asmakizun batekin. Helmugara iristeko balio izan zion, behintzat", azaldu du Blancok berak.

Lehenengo zerbitzu haren ondoren, Hoz de Jacako alkateak karpa jartzea eskaini zion, hurrengo edizioari begira baldintza egokiagoekin lan egin ahal izateko. Mekanikari gazteak gustura onartu zuen proposamena, eta etxetik eraman zituen beharrezko erremintak eta ordezko piezak beharko zuenaren gutxi gorabeherako aurreikuspena egin ondoren. Azken horiek erosteko egindako inbertsioa hango udalak itzuli zion gero, noski. Hala, proba egunean "zazpi bat parte hartzaile" lagundu zituela zehaztu du: "Gehienak gurpila zulatuta etorri zitzaizkidan, eta bati nire ordezko gurpila eman nion, ezin nuelako bere kamera askatu. Hurrengo egunean itzuli zidan".

Aspaldiko lotura

Mekanikari lanetan azken bi urteak eman baditu ere, lehenagotik datorkio lotura Blancori martxa zikloturistarekin: "Txiki-txikitatik urtero joan naiz proba ikustera eta txirrindulariei ura ematera etxekoekin". Horrez gain, «betidanik» parte hartu nahi izan duela dio, eta, horregatik, 18 urte betetzeko "irrikaz" dagoela izena eman ahal izateko.

Angel Mari Garrastazu aitonarengandik datorkio probarekiko zaletasuna Blancori. Martxako parte hartzaile beteranoenetakoa da, lehenengoa korritu zuenetik apenas huts egin baitu. Aurtengoa 25.a izango du, eta erabaki du "azkena" izango dela.

Hala ere, agurrekoa izanagatik ez ezik, beste arrazoi batengatik ere izango da "berezia" aurtengo Quebrantahuesos martxa Garrastazurentzat: "Lehenengo aldiz nire bi bilobekin helmugaratuko naiz, amaierako kilometroak nirekin egingo dituztelako. Hoz de Jacara iristen banaiz, betiere". Aurreko bi urteetan biloba zaharrenarekin egin ditu azken hogei kilometroak; izan ere, mekanikari lanak utzi, maillota, kulota eta kalak jantzi eta Samianigoko helmugaraino lagundu dio aitonari Blancok. "Oso gustura" egin duela dio, eta, lehenengo aldiz helmugara iritsi zenean, "sekulako zirrara" sentitu zuela. Bada, aurten, Daniel anaia gaztea ere batuko zaie, esan bezala.

Bilakaeraren lekuko

Pandemiagatik eta bero itogarriagatik azken urteetan bertan behera utzi dituzten edizioak salbuetsita, Garrastazuk erreskadan egin ditu Quebrantahuesos ia denak; izan ere, aurtengoa probaren historiako 33.a izango da, eta seigarren aldiz antolatu zutenean parte hartu zuen lehenengo aldiz. Azaldu duenez, galdu dituenak proba prestatzen ari zela erori eta min hartu zuelako galdu ditu, batetik, eta, Samianigoko irteerara bidean bizikleta apurtu zuelako, bestetik.

Ondorioz, martxa zikloturistak urte hauetan guztietan izan duen bilakaera lehen eskutik ikusi du txirrindulari beteranoak. Hala, azaldu du lehenengo edizioetan txirrindulariak ez zirela Hoz de Jacatik pasatzen: "Portalet igo ondoren, zuzenean Samianigora joaten ziren lehen. Hala, Hoz de Jacako alkateak eta biok antolatzaileekin negoziatu genuen proba bertatik ere igaro zedin. Garaiko 100.000 pezeta ordaindu genituen, eta bosgarren edizioaz geroztik pasatzen da proba handik ere. Hain justu, herritik lehen aldiz pasatu zenean pikatu nintzen ni, eta hurrengo urtean animatu nintzen parte hartzera". Azken horren harira, Garrastazuk argitu du 25 urte zituenetik Hoz de Jacan bizi dela.

Afizionatu zarauztarrak argitu du, halaber, "proban izena emateko ostiral arratsaldeetan Samianigora joan behar" izaten zutela, lehenengo urte haietan. Gaur egun, aldiz, aurrerapen handiarekin egin behar izaten dituzte inskripzioak online, eta eskaera kopuruak beti gainditzen duenez dauden plazen muga, zozketa bidez esleitu behar izaten dituzte dortsaletako asko. Hala, Quebrantahuesos "munstroa" bilakatu dela dio: "Parte hartzen hasi nintzenean 900 bat txirrindulari ginen, eta orain 10.000 izaten gara. Gainera, txirrindulariekin batera jende asko etortzen denez, ostatu hartzeko arazo handiak sortzen dira. Horrez gain, azoka antolatzen dute bezperan, laburragoa den Treparriscos martxa...".

Txirrindularitza profesionalarekin amesten du

Lukas Blancoren zaletasun nagusia da txirrindularitza, eta, noizbait, profesionala izan nahiko luke. Horren aurretik, hala ere, bere lehenengo lasterketa irabaztea du helburu gertukoena. Kadete mailan lehiatzen da gaur egun Zumaiako Vieros San Anton-Exclusivas Mardu taldean, eta «oso ondo» hartu dutela dio. Herriko taldeko txirrindulari bakarrak Blanco bera eta Ane Zubeldia zirenez, taldez mugitu dira biak.

Nolanahi ere, bizikleta gaineko kirolari loturiko beste ametsik ere badu txirrindulari gazteak: «Tropeleko talde handi bateko mekanikaria izatea ere gustatuko litzaidake», aitortu du. «Haurra nintzenetik gustatzen zaizkit mekanikako lanak. Txikitan beti ari nintzen bizikletaren atal guztiak ukitzen eta matxuraren bat nuenean ni saiatzen nintzen konpontzen. Hala ere, zerbait apurtzen banuen aitari eskatzen nion laguntza, bera benetako mekanikaria baita», azaldu du gero.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide