Jalgik ikasturte amaierako ekitaldia egingo du lñurritzan

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 19a, 10:15

Jalgi Dantza Taldeko kideak, Iñurritzan (GUKA)

Larunbat arratsaldea izango da dantza taldearen saioa, San Pelaioak Martxan egunaren barruan.

Jalgi Dantza Taldeak, urtero ekainean bezala, 2024ko aurkezpen emanaldia eskainiko du larunbatean, 17:30etik aurrera, Iñurritzako zelaian. Ohiko moduan, Iñurritza auzoko jai batzordeak antolatzen duen San Pelaioak Martxan egunaren barruan izango da saioa.

Zortzi haur talde, gazte eta helduen bi talde eta helduen ikastaroetan osatutako sei talde aritu dira ikasturte osoan zehar euskal dantzak ikasten eta lantzen: 300 dantzari inguru, guztira. Ikasturtean zehar ere izan dituzte Jalgiko kideek herritarrei beren jarduna eta grina erakusteko hainbat aukera: Gau Beltza, Inauterietako Galtxagorrien Jaitsiera, Helduen Dantzari Eguna…

Orain, ikasturtea biribiltzeko unea iritsi zaie, beraz, larunbatean denak batera ariko dira Iñurritzan. Zuzeneko musikaz lagunduta, Zarautz Trik kultur elkartekoak izango dituzte, baita txistulariak ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide