Bi astebururekin aski ez eta hirutan ariko dira hondartzako eskubaloian Desertu Txikian

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 19a, 11:00

Emakume bat jaurtiketa egitear iazko Txaparrotan txapelketan. (Intza Trula)

Txaparrotan txapelketaren atariko, Euskadiko zirkuituko jardunaldia eta Eusko-Nafar Jokoak jokatuko dituzte larunbatean eta igandean.

Hondartzako eskubaloiak Desertu Txikia hartuko du datozen hiru asteburuetan; izan ere, hurrengo bi asteetako haurren eta helduen Txaparrotan Txapelketak ez ezik, Euskadiko zirkuituko jardunaldia eta Eusko-Nafar Jokoak izango dituzte larunbat eta igande honetan. Larunbatean, gainera, jarduera inklusiboa antolatu dute desgaitasuna duten pertsonek ere hondartzako eskubaloian aritzeko aukera izan dezaten, eta, infantil mailako topaketa ere egingo dute.

Kadete, jubenil eta senior mailetako taldeak ari dira Euskadiko zirkuitua lehiatzen, eta azken aurreko jardunaldia izango da Zarautzen egingo dutena. Lau herritan antolatu dituzte txapelketak eta azkena Getxon (Bizkaia) egingo dute uztailaren 13 eta 14ko asteburuan. Zarauzkoa txapelketa irekia izango da, halere, eta, ondorioz, zirkuitutik kanpoko hainbat taldek izena eman dute.

Senior eta jubenil mailan, emakumezkoak nahastuta ariko dira eta zortzi taldek parte hartuko dute, guztira. Horietatik bi herrikoak, jubenil mailako jokalariek osatutakoa bat eta zirkuituan parte hartzen ari dena, gainera, eta senior mailakoa bestea. Azken hori, ordea, ez da zirkuituan parte hartzen ari. Gizonek, berriz, banatuta jokatuko dute. Hala, sei taldek jokatuko dute jubenilen txapelketa, tartean Zarauzko batek, eta zazpik seniorrena. Azken horretan ordezkaritza hirukoitza izango du Zarautzek. Hori bai, lau taldeetatik bakar bat ere ez da zirkuituan parte hartzen ari.

Kadete mailan, bestalde, zortzi taldek jokatuko dute nesken txapelketa eta zazpik mutilena. Zarauzko bina talde ariko dira kategoria bakoitzean, eta denak ari dira egiten zirkuitu osoa, gainera.

Antolatzaileek argitu dute, halaber, kadete mailako partida guztiak larunbatean jokatuko dituztela jubenil eta seniorrenak ez bezala. Azken horiek finalaurrekoak eta finalak izango dituzte igandean. Dena den, aitortu dute izan daitekeela azken orduko aldaketarik ere.

Eusko-Nafar Jokoak igandean

Euskadiko hondartzako eskubaloi zirkuituko azken aurreko jardunaldia ez ezik, Eusko-Nafar Jokoak ere hartuko ditu Desertu Txikia asteburuan, esan bezala. Igandean jokatuko dute azken hori eta uztailaren 1, 2 eta 3an Murtzian (Espainia) jokatuko duten Autonomia Erkidego arteko Espainiako Hondartzako Eskubaloi Txapelketa prestatzeko balioko die Euskadiko eta Nafarroako selekzioei. Dena den, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak ere jokatuko dute igandeko lehiaketa. Hala, launa selekziok parte hartuko dute kategoria bakoitzean. Nolanahi ere, infantil eta kadete mailakoa izango da soilik.

Igandeko hitzorduari lotuta, era berean, antolaketan lagundu duen Zarautz Kirol Elkarteak jakinarazi du jokalari guztiek Zelai Ondoko auzo bazkarian bazkalduko dutela. 180 izango dira, orotara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide