Kalapie elkarteak herriko txirrindulariak deitu ditu

Julene Sorarrain 2024ko eka. 19a, 09:00

Familia bat bizikletan, Salberdingo bidegorrian. (Julene Sorarrain)

Zarauzko bizikleta mugikortasunaren arazoak eta irtenbideak izango dituzte hizpide gaurko bileran. Jardunaldia 18:00etan hasiko da, Haize Orratz gaztelekuan.

Kalapie irabazi asmorik gabeko txirrindulari elkartea da. Hiriko garraiobide gisa, bizikletaren sustapena eta haren erabiltzaileen interesak eta segurtasuna defendatzea ditu helburu. Azken urteetan hainbat ekintza gauzatu dituzte Donostian, eta gaur Zarautzen izango dira, herritarren kezkak eta iritziak entzuteko asmoarekin. Elkartzean, oro har, gaur egungo egoeraz, bizikleta mugikortasunaren arazoez nahiz irtenbideez eta herrian bizikletaren aldeko herritar mugimendua abiarazteaz hitz egingo dute. Bilera irekia izango da, 18:00etan, Haize Orratz gaztelekuan. Txirrindulariak deitu dituzte saioan parte hartzera.

"Askotan iristen zaizkigu Zarauzko jendearen galderak edo eskaerak, herrian bizikleta mugikortasunaren aldeko elkarterik ez dagoelako, eta hori ikusirik, herrian bertan elkartu eta arazoaren aurrean egonezina duten pertsonekin harremanetan jartzea erabaki dugu", azaldu du Julen Izagirre Kalapieko kideak. "Gaur egungo egoera zein den ikusi nahi dugu, baita egin behar diren aldaketak zehaztu eta herritarren iritziak entzun ere", gehitu du Izagirrek.

Kalapiek, herritarren galderak jaso ondoren, balorazioa egin ohi du, eta ahal den heinean, herri bakoitzeko udalarekin harremanetan jartzen da, eskaerak igortzeko: "Bestalde, udalak bizikleten inguruko arau edo neurri berriak jakinarazten dituenean, egiten denarekin ados ez bagaude, alegazioak eta kritikak aurkezten ditugu. Horrez gain, ekintzak ere antolatzen ditugu bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin; besteak beste, irteerak edo bizikleta zirkuituak auzoko festetan".

Elkarteak parte hartu izan du aurretik Zarautzen; izan ere, udalak Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana aurkeztu zuenenan, ez zen ados agertu bertan zehazten ziren zenbait punturekin, eta eskaera bat egin zuen, plana berrikusteko asmoarekin. Zarauzko autobus geltoki berrian bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzeko eskaera ere egin zuen elkarteak.

Kalapiek arazo nagusi bezala ikusten du hiri eta herrietan autoek okupatzen duten "gehiegizko espazioa"; oro har, autoek hiriko espazioaren %60 eta %70 hartzen dutela adierazi du Izagirrek: "Horren aurrean, hiri eta herriek oinezkoentzako nahiz bizikletentzako espazio gehiago izatea nahi dugu, gure herriak bizitzeko atseginagoak izan daitezen".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide