Zarauzko Merkataritza Bulego Teknikoak herriko establezimenduei jakinarazi die Eusko Jaurlaritzak merkataritzako saltokiak modernizatzeko emango dituen dirulaguntzak eskatzeko aukera dutela oraindik. Iazko urriaren 1etik aurtengo irailaren 30ra egindako inbertsioei eragiten diete laguntzek, eta, establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritu duten edota teknologia berriak sartu dituzten negozioei daude zuzenduta.
Nolanahi ere, Merkataritza Bulegoak ohartarazi du diru laguntzak jaso ahal izateko baldintza batzuk bete behar dituztela saltokiek. Hain zuzen ere, azpiegitura eta ekipamendua berritzeagatik diru laguntzak jasotzeko egindako inbertsioa 3.000 eurokoa izan beharko du, gutxienez, eta teknologia berrietan egindakoa mila eurokoa.
Halaber, zehaztu du eskaerak egiteko epea irailaren 30ean amaituko dela (lehenago, esleitutako aurrekontua amaitu bada) eta herriko dendariei gogoratu die zalantzaren bat izanez gero edota informazio gehiago nahi izanez gero, bulegora jo dezaketela. E-postaz egin dezakete gatc@zarautz.eus helbidera mezu idatzita.