Vista Alegreko landare inbaditzaileak kendu dituzte auzolanean

Julene Sorarrain 2024ko eka. 17a, 16:00

Herritarrak landare exotiko inbaditzaileak kentzeko auzolanean. (Zarauzko Eraztun Berde Urdina)

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat jarduera burutu dituzte ekainean zehar, sentsibilizazioa lantzeko eta herritarrekin batera auzolan ekimenak egiteko.

Ingurumeneko sailak eta Zarauzko Eraztun Berde Urdinak, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat ekimen egin dituzte ekainean zehar. Atzo, Vista Alegre parkean dagoen Crocosmia x crocosmiiflora espezie inbaditzailearen inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmotan, hainbat herritarrekin batera, auzolan ekimen bat antolatu zuten espezie inbaditzaile hau kentzeko helburuarekin.

"Adin guztietako jendea elkartu gara eta giro bikainean aritu gara Crocosmia x crocosmiiflora landare exotiko inbaditzailea erretiratzen. Lan eta lan aritu ostean oso azkar bete dugu edukiontzia. Vista Alegre parkea gure txoko kuttunenetako bat da. Natura 2000 sarean dago eta Eraztun Berde Urdinaren Arkamurka ibilbidean kokatzen da. Auzolan ekimen hau, gure etxetik hain gertu dugun altxor eder hau gehiago ezagutu eta maitatzeko izan da eta Ingurumenaren Egunerako antolatu ditugun ekintzetako bat", azaldu dute Eraztun Berde Urdina elkarteko kideek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide