Urra eta Zumeta gailendu dira Bi Harri Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 17a, 11:30

ZKEko bi harrijasotzaileek 31 eta 30 eman dizkiete Jai Txiki eta Molllari harri baldarrei. Karmele Gisasola Zelai III.a azken urteetako txapeldunak ezin izan du parte hartu azken orduko lesio bat tarteko eta Sara Jimenez de Aberasturik ordezkatu du.

Mikel Lopetegi Urrak eta Aintzine Zumetak nagusitasunez irabazi zuten atzo jokatutako Bi Harri txapelketaren zortzigarren edizioa. Lehenengoak aurreko hiru urteetan lortutako garaipena berretsi zuen eta bigarrenak lehen aldiz irabazi zuen txapelketa Karmele Gisasola Zelai III.aren hutsunea baliatuta.

Emakumezkoen txapelketa antolatzen hasi zirenetik atzo arteko txapel guztiek zeramaten Zelai III.aren izena, eta, bertaratu ere egin zen laugarrena jartzeko asmotan. Lunbarretako lesioa tarteko ez zuen parte hartu, ordea. Berotze lanak egin zituen minari eusteko gai ote zen probatzeko, baina ezin izan zuen, esan bezala, eta, Sara Jimenez de Aberasturik bete zuen haren tokia azken unean.

Hori horrela, balorazio gazi gozoa egin du Zumeta txapeldunak: "Pozik nago irabazi egin dudalako, baina arantzatxoa ere badut nahiago nuelako Karmeleri txapelka kentzea bera parte hartzen ari zela". Halaber, aitortu du "sufritu" egin zuela eta "zuri" amaitu zuela lehia.

Aurreko ediziotakoak baino pisutsuagoak izan ziren emakumeek jaso behar izan zituzten harriak: joan den urtean baino 5 kilo gehiago zituen Jai Txiki harriak eta 13 gehiago Mollarrik. Bada, 31 altxaldi egitea ortu zuen Zumetak, eta ondorioz, hori da txapelketako marka orain.

Gizonetan Urra garaile, beste behin

Urrak ez zuen joan den urteko estualdirik pasatu atzokoan eta laugarrenez erreskadan irabazi zuen txapelketa. Joan den urtean Paulo Azpiazurekin berdinduta geratu zen 26na altxaldi eginda, baina Urra arinagoa denez, hari jarri zioten txapela. Atzokoan, ordea, maila hobea erakutsi zuen eta 2021ean jarritako markatik altxaldi bakarrera geratu zen 30 jasoaldirekin: "Ondo hasi gara eta helburua zen marka hobetzea. Gero ikusi dugu ezinezkoa zela 32.era iristea eta hanka altxatu dugu, azkenean".

Bigarren, berriz, sailkatu zen berriro ere, eta, hark, bai, lortu zuen bere marka propioa hobetzea, 27 jasoaldi egin baitzituen.

EMAKUMEEN SAILKAPENA
1. Ainitze Zumeta: 31 jasoaldi (16 Jai Txiki eta 15 Mollarri)
2. Lierni Osa: 25 jasoaldi (13 Jai Txiki eta 12 Mollarri)
3. Maddi Gesalaga: 23 jasoaldi (12 Jai Txiki eta 11 Mollarri)
4. Olaia Esnaola: 18 jasoaldi (9 Jai Txiki eta 9 Mollarri
5. Eider Garcia Durana: 14 jasoaldi (7 Jai Txiki eta 7 Mollarri)
6. Sara Jimenez de Aberasturi: 11 jasoaldi (6 Jai Txiki eta 5 Mollarri)

GIZONEN SAILKAPENA
1. Mikel Lopetegi Urra: 30 jasoaldi (15 Jai Txiki eta 15 Mollarri)
2. Paulo Azpiazu: 27 jasoaldi (14 Jai Txiki eta 13 Mollarri)
3. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 22 jasoaldi (11 Jai Txiki eta 11 Mollarri)
4. Jon Unanue Goenatxo III.a: 20 jasoaldi (10 Jai Txiki eta 10 Mollarri)
5. Aimar Galarraga: 19 jasoaldi (9 Jai Txiki eta 10 Mollarri)
6. Iraitz Arruti Burni Txiki: 17 jasoaldi (9 Jai Txiki eta 8 Mollarri)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide