Jon Lertxundik irabazi du xake txapelketa azkarra

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 16a, 17:00

ZKEko jokalari donostiarrak Pablo Arrondoren aurka jokatu du finala eta norgehiagoka ezin estuagoa izan da. Guztira 24 lagunek parte hartu dute.

Ez ohiko kirol batek Lege Zaharren Enparantza hartu du gaur goizean; izan ere, Zarautz Kirol Elkarteko Xake atalak txapelketa azkarra antolatu du denboraldiari agur esateko. 10:00etan hasita hainbat herritatik etorritako adin askotariko xake jokalariak nor baino nor aritu dira, eta, Jon Lertxundi donostiarra gailendu da, azkenen. Nolanahi ere, jokalari ezaguna da Lertxundi herriko xake zaleen artean, herriko taldean, ZKEn, lehiatzen baita Gipuzkoako ligan.

Xake jokalari donostiarrak onena izan da lehia orokorrean eta horri esker irabazi du txapelketa, Pablo Arrondo zarauztarraren aurka jokatutako finala berdinketarekin amaitu baita. Ezin estuagoa izan da azken aurrez aurreko hori, lehia arruntean 5+3ko erritmoan aritu ondoren, 3+2ko bi partidetara jokatu dute finala eta lehenengoan Arrondo gailendu da pieza beltzekin. Bigarren partidan neurketa orekatzea lortu du Lertxundik eta berdinketa hausteko hirugarren partida jokatu dute. Azken hori ere berdinketare amaitu da, eta, ondorioz, donostiarrari eman diote garaipena orokorrean onena izan delako, esan bezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide