Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariak gogotsu eta itxaropentsu daude datorren hastean hasiko duten arraun denboraldiari begira. Larunbatean ekingo diote emakumezkoek ETE ligari, Astilleron (Kantabria), eta hurrengo egunean, San Juan bezperan, egingo dute gizonezkoek Pasai San Juanen (Gipuzkoa), hain justu. Iaz bezalaxe KAE-1 ligan arituko dira.
Bi taldeek hamalauna estropada jokatuko dituzte eta horien atarian, klubak bi traineruak aurkeztu ditu gaur zaleen aurrean. Musika Plazan egin dute ekitaldia eta herritar ugari bertaratu da arraunlariak hauspotzera. Azken hauetako batzuek hitza ere hartu dute entrenatzaileekin batera.
Hala, arraunlari lanetan lehenengo sasoia izango duen Johana Garcia Artetxek adierazi du taldearen helburua izango dela "aurreko urteko maila ematea eta ahal dela hobetzea". Juanjo Etxarte prestatzailea ere "itxaropentsu" agertu da, nahiz eta "liga gogorra" aurreikusten duen; izan ere, "ziur" da berak zuzendutako arraunlariek "ondo erantzungo" dutela.
Garcia Artetxez gain, beste hemezortzi arraunlari izango dira emakumeen Enbata osatuko dutenak. Honako hauek: Ane Makazaga Urruzola, Maddi Makazaga Urruzola, Saioa Makazaga Urruzola, Irati Zubeldia Rezabal, Irati Maiz Azkue, Iraide Martin Delgado, Oihane Landa Egurbide, Nahikari Qian Artano Otaño, Libe Kortajarena Goñi, Irati Mercader Sanz, June Balda Berra, Eneritz Iruretagoiena Pellejero, Amaia Manterola Roteta, Udane Iraola Sorrondegi, Ane Aizpurua Agoues, Amaia Apezetxea, Lutxi Pascassio Comte eta patroi lanetan arituko den Nahikari Osa Gallastegi.
Ohorezko txanda begiz jota
Gizonak ere aldarte onarekin daude aurtengo denboraldirako. Aurre denboraldian, bandera bat irabaztea lortu dute eta Ioritz Zubillaga Elorriaga taldeko kideak nabarmendu duenez, goranzko jauzi handia eman dute arraunlariek iaztik ona. "KAE-1 ligako ohorezko txandan ikusten dugu gure burua", gaineratu du. Asier Puertas entrenatzaileak ere uste du "iaz baino koxka bat gorago" dagoela bere taldearen maila, eta pozik agertu da "blokeari eutsi" diotelako.
Zubillaga Elorriagarekin batera, Elias Astiazaran Enajar, Aitor Elizondo Telleria, Jon Errazkin Berazadi, Mikel Etxabe Uria, Ion Jauregi Agirretxe, Haritz Lozano Mendizabal, Axi Manterola Galarraga, Eneko Manterola Mendizabal, Iñigo Mozo Urbieta, Manex Otaegi Mendoza, Anjel Mari Urzelai Gonzalez de Txabarri, Gorka Zubeldia Rezabal, Andoni Lopez Larrañaga, Ander Maiz Azkue eta Oinatz Egiazabal Larrañaga arituko dira arraunean gizonezkoen taldean eta Gaizka Garmendia Iturria eta Ander Maio Manterola izango dira patroiak. Hemeretzi arraunlari, beraz, guztira,gizonen taldean ere. Puertasek, bestalde, Josu Beiro izango du laguntzaile entrenatzaile lanetan.
Nagore Arruti taldeko presidente berriak ere hartu du hitza ekitaldiaren amaieran, eta harrobian jarri du azpimarra: "Trainerurik zintzilikatu beharrik ez izatea espero dugu eta horretarako gazteak arraunean aritzeko gogoa sustatzen jarraituko dugu".
Arrutiren aurretik Xabier Txurruka alkateak ere hitz egin du eta gustura agertu da, "bi traineruek Zarauzko Udalaren armarria eramango dutelako brankan". Hori horrela, Enbata "Euskal itsasoko uretan Zarauzko herriaren ordezkari" izango dela nabarmendu du Txurrukak.