Gipuzkoarrak nagusi junior mailako Euskadiko Halterofilia Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 16a, 10:00

Aritzbatalde pilotalekuan jokatu dute eta lan txukuna egin dute etxekoek. Emakumezkoetan podiumeko kaxoi guztiak bete dituzte eta gizonezkoetan hirugarren sailkatu da Joel Antolin.

Gipuzkoako altxatzaileak gailendu ziren atzo arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako junior mailako Euskadiko Halterofilia txapelketan. Gizonezkoetan Zizurkilgo Danok Danena taldeko Eki Lizasok lortu zituen puntu gehien eta emakumezkoetan etxeko taldeko Miren Galarragak.

Guztira, Gipuzkoako bosna emakume eta gizon lehiatu ziren txapelketan eta Bizkaiko bina. Arabako ordezkaririk ez zen izan. Emakumezkoetan, gainera, Zarautz Kirol Elkartearen Halterofilia saileko beste bi taldekidek lagundu zuten Galarraga podiumean; izan ere, kaxoi guztiak bete zituzten. Leire Urkiola sailkatu zen bigarren eta Mara Monasterio hirugarren.

Gizonezkoetan ere izan zen ZKEko altxatzailerik podiumean: Joel Antolin, hain zuzen ere. Hirugarren sailkatu zen. Zilarra, aldiz, Bizkaiko selekzioko Bruno Sotok lortu zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide