Gipuzkoako emakume surflarien topaleku izan da Munoa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 15a, 17:00

Egitarau zabala prestatu dute lagun artean kirolaz gozatzeko. Goizean elkartu dira parte hartzaileak eta jada taulak utzi badituzte ere, iluntzera arte jarraitzeko asmoa dute.

Emakumea Surflari proiektuaren barruan udaberriko topaketa egin dute gaur goizean Zarautzen. Generoaren ondorioz, surfa egiteko oztopo handiagoak izan dituzten emakume, trans eta pertsona intersexualei dago zuzenduta Emakumea Surflari proiektua eta duela 10 urte jaio zen. Hala, talde txikiak osatuta ikastaroak eta bestelako jarduerak eskaintzen ditu ahalduntzeko eta autonomia bultzatzeko helburuarekin, aipatu kolektiboek ere surfaz gozatzeko aukera izan ditzaten.

Horrez gain, Zarautzen egindakoa bezalako topaketak ere antolatzen dituzte udaberriko ikastaroetan parte hartu dutenek elkar ezagutu dezaten. Bada, antolatzaileek zehaztu dutenez ia 40 lagunek eman dute izena gaurkoan. Herrikoek ez ezik, Gipuzkoa osotik etorritako surflariek parte hartu dute.

Goizeko 10:00ak aldera Munoan elkartu ondoren, Animal Flow saioa egin dute gorputzak berotzen hasteko eta jarraian neoprenoak jantzi eta uretara sartzeko prestatu dira. Hondarretan bestelako ariketekin jarraitu dute, eta, ondoren, antolatzaileek proposatutako jolasak egin dituzte uretan. Horiek amaituta, taulak utzi, arropaz aldatu eta musikaz lagunduta kalez kale ibili dira bazkal ordura arte. Azkenik, bazkaria egin dute Musika Plazan, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, iluntzera arte luzatu asmo dute egitasmoa kalean.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide