Etziko xake txapelketa azkarrean izena emateko aukera dago oraindik

Intza Trula 2024ko eka. 14a, 13:30

Herriko taldeak antolatuta, Musika Pazan jokatutako txapelketa bat. (Zarauzko Udala)

Gaur da inskripzioetara azken eguna, baina epea luzatzeko prest agertu dira antolatzaileak "inori aterik ez ixteko". Gaur arte hogei lagunek adierazi dute parte hartzeko nahia.

Zarautz Kirol Elkarteko xake atalak etzi gurtuko du denboraldia, eta, horretarako, partida azkarretako txapelketa antolatu du. Lege Zaharren Enparantzan jokatuko dute, 10:00etatik 13:00etara, eta izena eman ez dutenek oraindik badute horretarako aukera, gaur iluntzean itxiko baitute inskripzioetarako epea.

Nolanahi ere, antolatzaileek adierazi dute bihar edo igandean bertan enfrentamenduak zehaztu aurretik baten batek parte hartzeko nahia azalduko balu, ez litzatekeela eragozpenik egongo: "Ez diogu nahi inori atea itxi". Izen-ematea doakoa da eta interesdunek bi aukera dituzte: xakezarautz@gmail.com helbidera idaztea edo 634 41 42 78 telefonora deitzea. Zenbaki horretara WhatsApp mezua bidalita ere eman daiteke izena.

Esan bezala, partida azkarrak dira txapelketa horretan jokatuko dituztenak; izan ere, 5+3 erritmoan jardungo dute. Adin tarte guztietako jokalariek dute parte hartzeko aukera, eta, denak arituko dira elkarren aurka, xakelariak ez baitira kategoriatan banatuko. Antolatzaileen esanetan, «guztiek parte hartzeko eta ondo pasatzeko» helburuarekin antolatu dute denboraldi amaierako ekitaldia.

Gaur-gaurkoz, hogei jokalari inguruk eman dute izena igandeko lehiarako, eta hori jakinda, antolatzaileek honako planteamendua egin dute: jokalari bakoitzak sei partida jokatuko ditu –parte hartzaileen arabera partida kopurua alda daiteke–, eta horietan puntu gehien biltzen dituzten biek jokatuko dute final handia. Bi finalistentzat egongo da saria, eta horrez gainera, parte hartzaile guztien artean ere bi sari gehiago zozkatuko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide