Zarauzko Bi Harri Txapelketak jokatuko dituzte igandean

Julene Sorarrain 2024ko eka. 13a, 14:30

Ezkerretik hasita, Maddi Gesalaga, Paulo Azpiazu, Inaxio Illarramendi kirol zinegotzia, IƱigo Eizagirre 'Eiza' eta Mikel Lopetegi 'Urra'.

Seina emakume eta gizon ariko dira nor baino nor, eta Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka zazpi minutuko denbora tartean.

ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatuta, Zarauzko zortzigarren Bi Harri Txapelketak jokatuko dituzte igandean, Aritzbataldeko pilotalekuan. Txapelketa 18:00tan hasiko da eta sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai Aritzbataldeko leihatilan. Bost euroko prezioa izango dute eta 16 urtetik beherako gazteentzat eta ZKEko bazkideentzat doakoa izango da.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko Udalari eta babeslei: "Gurea kirol txikia da eta horrelako txapelketa aurrera eramateko laguntzea beharrezkoa izaten da". 

Aurtengo txapelketaren inguruan, antolatzaileek berrikuntza handia bat egin dute emakumezkoen mailan: "2021. urtean jokatu genuen emakumeen lehenengo txapelketa eta harri jasotzaile gutxi zebiltzan urte hartan, beraz bi harri txiki atera genituen, 63kg eta 51kg-koak. Azken urte hauetan sekulako gorakada egon da, bai harrijasotzaileen kopuruei dagokionez, baita beraien mailari dagokionez". Beraz, aurten emakumeentzako bi harri handiago ateratzea erabaki dute. Gizonezkoek erabiliko duten Jai Txikik 117 kilo ditu, eta emakumezkoenak, 68. Mollarrik, berriz, 119 eta 64 kilo ditu. Altxaldi gehien egiten dituzten harri jasotzaileek irabaziko dute eta zozketa bidez erabakiko da nork emango dion hasiera txapelketari.

Seina emakume eta gizon ariko dira nor baino nor, eta Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka zazpi minutuko denbora tartean. Emakumeen artean, azkeneko hiru txapelketak irabazi dituen Karmele Gisasola Zelai III-k, aurreko urtean bigarren postua lortu zuen Ainitze Zumetak, Lierni Osak eta Eider Garcia Durana-k parte hartuko dute, eta gazteen artean, Olaia Esnaola eta Maddi Gesalaga ere lehiatuko dira.

Mutilen kasuan, azkeneko hiru urteetako txapelduna izan den Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu, aurreko urtean bigarren postuan geratu zena 26 jasoaldirekin, Zarauzko txapelketa bi aldiz irabazi duen Hodei Iruretagoiena Izeta IV., Aiamar Galarraga oriotarra, Jon Unanue Goenatxo III, eta azkenik, Iraitz Arruti Burni Txiki, 22 urteko gaztea lehiatuko dira.

Inaxio Illarramendi kirol zinegotziak herrian klubak duen garrantzia azpimarratu du: "Horrelako kirol txikiek Zarautzen indarra dute, baita klubak ere. Jendea animatzen dugu asteburu honetan kiroldegira etorri eta ikuskizun hau ikustera".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide