Taxi zerbitzua hobetzeko plana ari da lantzen udala

Julene Sorarrain 2024ko eka. 13a, 10:15

Gaur egun funtzionatzeko moduan aldaketak egingo lituzkeen plan bat da, bai eta hobekuntzak eta arau-proposamenak ere, gaur egun zerbitzu hobea emateko oztopo direnak.

Zarauzko Udalak, Mugikortasun alorretik, Zarauzko Udal Taxiaren Plana prestatzen ari da taxiaren zerbitzu publikoa hobetzeko helburarekin. Gaur egun funtzionatzeko moduan aldaketak egingo lituzkeen plan bat, bai eta hobekuntzak eta arau-proposamenak ere, gaur egun zerbitzu hobea emateko oztopo direnak. Horretarako, asmoa da zerbitzu honen erregulazio-eremuan eskumena duten beste erakunde batzuk ere tartean sartzea.

Plana martxan jarri aurretik udalak herritarrei, enpresei, hotelei eta elkarteei egindako galdeketa bat jarri zuen abian, eta bertatik ateratako ondorioak planaren ibilbide-orria markatzeko erabiliko dira. Era berean, lehen bilerak egin dira AGITAX elkartearekin eta Zarauzko taxilariekin. Azken horiek beren kezkak azaldu ahal izan dituzte, eta begi onez ikusi dute Udalak gaiaren lanketa egitea.

Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak taxia zerbitzu publikoa dela azpimarratu du eta hau honetzeko lan egin behar dela argudiatu du: "Laster plan sinple baina garrantzitsu bat aurkeztuko dugu, nahi dugun norabidean lehen urratsak ematen lagunduko diguna". 

Zinegotziak hobekuntza batzuk Zarauzko taxi profesionalen eta Udalaren esku egongo direla azaldu du, baina beste batzuk "partekatu egin beharko" direla azpimarratu du: "Horretarako, Urola Kostako Mankomunitatearen, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan beharko dugu. Baina garrantzitsuena da aurrerapausoak ematen hastea, txikiak izan arren", adierazi du Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide