Emakume sortzaileen erakusleihoa izango da Zarautz

Julene Sorarrain 2024ko eka. 12a, 10:00

Aurtengo azokako parte hartzaileak, Emakumeen Etxearen aurrean. (Julene Sorarrain)

Zarauzko Emakume Sortzaileen II. Azoka egingo dute larunbatean. Horrez gain, haurrentzako sorkuntza tailerrak eta Ane Arrutiren kontzertua eskainiko dituzte.

Zarauzko Udalak Emakume Sortzaileen II. Azoka antolatu du, eta larunbatean egingo dute. Aurreko urteko edizioaren arrakasta ikusi ondoren, bigarrena egun osoan zehar egitea erabaki dute. "Parekidetasun departamentuaren helburua Zarauzko emakumeak ikusaraztea da. Beharrezkoa da emakumeoi ikusgarritasuna ematea, oraindik ere bigarren planoan geratzen garelako hainbat arlotan, baita sormenaren arloan ere. Zarauzko emakumeek gauza asko egiten dituzte, eta hori lehenengo planoan jarri behar dugu gure herrian", azaldu du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.

Guztira, 25 postu izango dira azokan, eta horietako bakoitzean sortzaile bat egongo da bere produktuak erakusten eta saltzen. Bertan izango dira ikusgai, besteak beste, Laura Montilloren, Itziar Boixen, Susana Esparzaren eta Mari Cruzen margolanak, Carmen Valoisen argazkiak, Egintzu taldeko Oroitz Eizagirreren eta Alaitz Usandizagaren irudi grafikoak, baita Nerea Etxeberria eta Olaia Eizagirreren edo Sonia Moyanoren bitxiak ere.

Azokaren irekiera 10:30ean izango da, eta postuak Belauntzaran plazan eta malekoian zehar egongo dira; 12:30ean, trikitilariek emanaldia eskainiko dute eta kaleak girotzen ibiliko dira; 16:00etan, haurrentzako sorkuntza tailerrak egingo dituzte, Belauntzaran plazan, horiek ere sormena lantzeko aukera izan dezaten; eta egunari amaiera biribila emateko, Ane Arrutik kontzertua eskainiko du, 18:30ean, malekoian.

Iazko azoka

Aurreko urtean egindako azokak ikusgarritasuna lortzen lagundu zien herriko hainbat emakumeri. Horien artean zen Sandra Vazquezi, bere margolanak lehenengo aldiz erakutsi baitzituen: "Ez nuen inolako itxaropenik, esperientzia bat gehiago izango zela uste nuen, oharkabean pasatuko nintzela. Aitzitik, harritu egin ninduen karpatik pasatu zen jendea nik egiten nuenaz interesatuta ikusteak. Nire asmoa lanak erakustea baino ez zen, eta nire harridurarako, koadro batzuk saldu nituen! Lagunak eta ezagutzen ninduten herritarrak ni agurtzera igaro ziren, eta oso hunkigarria izan zen".

Vazquezi ideia "zoragarria" iruditzen zaio herrian horrelako erakusleihoak sortzea emakumeentzat: "Bi arrazoirengatik. Bata, herritarren artea babesteagatik; zeren, arteak gizakiaren oinarrizko arrazoira garamatza, norberarekiko kontaktura eta kanpokoaren pertzepziora. Adierazpen mota bat da, eta gure herrian bertan horretarako aukera ematea luxu bat da. Bigarrenik, emakumea ikusarazteagatik. Oraindik ibilbide luzea dago egiteko, baina belaunaldi berrien inspirazio iturri izango diren erreferente femeninoak ikusarazi behar dira", azaldu du margolariak. Aurtengo azokan Itziar Boixen alboan egongo da, Ebro Etxeko pintura eskoletan egindako lagunarekin batera. 

Azoka Azkoitian ere

Bizilore eskola aktiboak antolatuta, bigarren eskuko azoka egingo dute datorren larunbatean Azkoitian. Herriko plazan izango da, 09:00etatik 15:00etara. Hara bertaratzen direnek askotariko produktuak topatuko dituzte, besteak beste, arropa adin desberdinetako haurrentzat zein helduentzat, baita jostailuak, ipuinak edo etxerako tresnak ere. Azkena iazko urrian antolatu zuten azoka, eta urtean hirutan egiteko asmoa dute, urtaro aldaketarekin batera, udan izan ezik.

Eskola autogestionatua da Bizilore, eta, beraz, haren finantzaketara bideratuko dute azokan bildutako dirua. Egitasmoaren beste helburuetako bat da, kontsumismoaren aurrean, berrerabilpena sustatzea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide