Hiru zilarrezko domina lortu ditu ZKE Halterofiliak Espainiako Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 11a, 15:30

Espainiako Halterofilia Txapelketan parte hartu duten ZKE Halterofiliako ordezkariak. (ZKE Halterofilia)

Helena Abendañok zintzilikatu ditu denak eta gertu izan du laugarren garaikurra ere. Zarauzko taldea ordezkatu duen Stepan Tsirkin, bestalde, hirugarren sailkatu da bere kategorian, baina kanpotarra denez ez du brontzerik jaso.

ZKE Halterofiliako Helena Abendañok hiru zilarrezko domina lortu ditu asteburuan Ourensen (Galizia) jokatutako Espainiako Halterofilia Txapelketa Nagusian. 64 kilo azpiko kategorian aritu da Abendaño eta 203 kilo jaso ditu, guztira. Abiadako proban nahiz jasotze altxatzekoan bigarren sailkatu da bere kategorian eta bi probetan jasotako pisua batuta marka berria ere ezarri du. Haren ondoren aritu den aurkariak, ordea, gainditzea lortu du. Emakumezkoen sailkapen orokorrean, berriz, 4. postua lortu du, 265.08 puntu pilatuta.

Guztira lau izan dira Espainiako Halterofilia Txapelketan parte hartu duten ZKEko kirolariak; izan ere, Abendañorekin betera, Stepan Tsirkin, Imanol Citores eta Malen Monasterio ere bertaratu dira Ourensera. Horrez gain, Imanol Zulaika entrenatzailea izan dute lagun.

Bada, Tsirkinek egindako lana ere azpimarratzekoa izan da hirugarren sailkatu baita 109 kilo gaineko kategorian 290 kilo altxatu ondoren. Nolanahi ere, brontzezko dominarik ez du jaso, nahiz eta parte hartzeko aukera izan Espainiatik kanpoko altxatzailea delako. Sailkapen orokorrari erreparatuta, 71. postua lortu du Tsirkinek 308.85 puntu bilduta.

ZKEko beste bi ordezkariek egindako lanari erreparatuta, Malen Monasterio hamargarren sailkatu da 55 kilo azpiko kategorian, 141 kilo jasota, eta, 47. sailkapen orokorrean 209.96 punturekin. Imanol Citoresek, berriz, 11. postua lortu du 81 kilo azpiko kategorian, 257 kilo altxatuta eta 41.a sailkapen orokorrean, 327.04 punturekin. 

Hurrengo txapelketak etxean

Lanak ez dira amaitu ZKE Halterofiliako altxatzaileentzat; izan ere, datorren larunbatean, ekainak 15, Euskadiko Junior Txapelketa, Unibertsitate arteko Txapelketa eta Teknika Kriteriuma jokatuko dituzte Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Mutilak arratsaldeko 16:00etan ekingo diote lehiari eta neskek 17:30etan. Parte hartzaileek lurraldeka lehiatuko dute eta Gipuzkoako junior taldeko bosna mutil eta nesken artean, sei etxeko taldekoak izango dira.

Horrez gain, Altxa 24! txapelketa jokatuko dute ekainaren 29an, eta, hala, hondartzara eta malekoira eramango dute halterofilia. Aurreratu dutenez Zaragozako Helios kluba etorriko da parte hartzera mutil eta neska gazteen taldeekin.

Azkenik, uztailaren 15ean Malen Monasteriok Espainiako Junior Txapelketan parte hartuko du berriro ere, ZKE Halterofiliako beste hainbat taldekideekin batera. Valentzian izango da txapelketa eta dominaren batekin itzultzeko aukera handiak ditu Monasteriok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide