Parekidetasun sailak LGTB+ harrotasunaren harira bi ekitaldi antolatu ditu

Julene Sorarrain 2024ko eka. 11a, 09:00

LGTB+ bandera udaletxean. (Zarauzko Udala)

Haur eta gazteen transexualitateari ikusgarritasuna emateko Trans-formatzen dokumentala eskainiko dute Emakumeen Etxean, ostegunean. Ekainaren 19an, Alteritats (Otredades), Alba Crosek eta Nora Haddadek zuzendutako beste dokumental bat emango dute.

Maiatzaren 17a, LGTB+ Fobiaren Aurkako Eguna, eta Ekainaren 28a, LGTB+ Harrotasunaren Eguna direla eta, Parekidetasun sailak, Naizen elkartearekin batera, jarduera bat antolatu du.

Trans-formatzen izeneko dokumentala eskainiko dute. "Dokumental honen bidez, Naizen Elkarteak ikusgarritasuna eman nahi izan die haur eta nerabe transexualei. Emakumeen etxean Naizen elkarteko kideak ere izango ditugu, dokumentala ikusi ondoren solasaldia egin ahal izateko", azaldu du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak. Emakumeen etxean izango da, ekainaren 13an, 18:30ean.

Naizen Elkarteak Trans-formatzen dokumentalaren bidez ikusgarritasuna eman nahi die haur eta gazteen transexualitateari: "Pertsona transexualen eta adituen ahotsaren bidez, informazioa eta doinu poetikoa uztartuz, dokumental labur honek transexualitatea zer den eta zelan bizi den kontatzen digu. Ikus-entzunezkoaren ostean, testigantzak zuzenean entzuteko aukera izango duzue, eta, nola ez, zuen zalantzak eta galderak plazaratzeko ere”.

"Lege-aldaketa eta aurrerapen sozial asko lortu diren arren, LGTB+ pertsona askok diskriminazioari eta indarkeriari aurre egiten jarraitzen dute", adierazi du Gloria Vazquezek. "Zoritxarrez, oraindik ere intolerantzia dago genero-aniztasunarekiko eta sexu-askatasunarekiko, eta intolerantzia hori, batzuetan, hitzezko eraso eta eraso fisiko bihurtzen da. Hori onartezina da, eta lanean jarraituko dugu pertsona guztiak errespeta daitezen, edozein dela ere haien sexu-identitatea".

Ekainaren 19an beste dokumental bat eskainiko dute Modelo zineman, 19:00tan. Alba Crosek eta Nora Haddadek zuzendutako Alteritats (Otredades) maitasun lesbikoaren ospakizun bat da. Igaro dituen jaialdi guztietan goraipatua izan da eta Gaudi sarietarako 2 izendapen jaso ditu. Kataluniako lesbianen lau belaunaldiren bizipenei heltzen dio, Maria Arnalen laguntza musikalarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide