Amalur parkeko bigarren fasea ireki dute

Julene Sorarrain 2024ko eka. 10a, 13:30

Amalur parkea. (Zarauzko Udala)

Bigarren fase hau trenbidetik Santa Klararaino eta Amalur parkea eta Gaztainpe batzen dituen azpi pasabideraino zabaltzen da. Udazkenean, udalak zarauztarrei prozesu partehartzaile ireki bat abian jarriko die Amalur parkearen izaera eta erabilerak zehazteko.

Udalak Amalur parkearen bigarren fasea ireki du. Bigarren fase hau trenbidetik Santa Klararaino eta Amalur parkea eta Gaztainpe batzen dituen azpi pasabideraino zabaltzen da. Era honetan, jada gozatu daiteke Santa Klarako elizaren ondoko bideez eta Paxo eta Salberdineko urbanizazioa batzen dituen bidegorri zati berriaz.

"Amalur parkea, Zarautzen erdigunean kokaturiko 25.000 metro karratuko espazio libre berdea, azken bost urteetan egindako hiru inbertsio estrategikoren emaitza da”, azaldu du Xabier Txurruka alkateak. “Alde batetik, Salberdin industrialdearen hiri-birmoldaketa, haren hirigintza-planak ahalbidetu baitu gaur egun goza dezakegun parkearen zatirik handiena lortzea. Horri gehitu behar zaio Santa Klarako komentua eta lursailak moja klaratarrei erosi izana 2021ean, 12.000 metro inguru gehitzen dituena eraikuntzen eta lorategien artean. Eta, azkenik, ETSrekin egindako hitzarmenaren ondorioz, trenbide azpiko pasabidearen urbanizazioa osatu dugu, Amalur parkea Gaztainpeko hiri-eremuarekin lotzeko", azaldu du Txurrukak.

Alkateak adierazi du Amalur parkea Gaztainpe Villa Munda parkearekin lotzeko lanetan dabiltzala, oinezkoentzat "modu atseginagoan" izan dadin, eta bidegorri-sareak iparraldetik hegoaldera Zarauzko erdigunea gurutzatu dezan. Udazkenean, udalak zarauztarrei prozesu partehartzaile ireki bat abian jarriko die Amalur parkearen izaera eta erabilerak zehazteko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide