Pagoeta Mendizale Elkarteak jarduerak antolatu ditu aste honetarako

Julene Sorarrain 2024ko eka. 10a, 11:00

Pagoeta Mendizale Elkarteko kideak. (PME)

Ostiralean emanaldi bat eskainiko dute Maider Larrañagaren eta Txetxu Leteren eskutik; eta asteburuan, irteera bat egingo dute Pirineoetara.

Pagoeta Mendizale Elkarteak bi jarduera antolatu ditu asteburu honetarako. Uganda bizikletan emanaldia eskainiko dute ostiralean Maider Larrañagaren eta Txetxu Leteren eskutik. 19:00tan egingo dute Pagoetako aretoan.

Asteburura begira, irteera bat antolatu dute pirineoetara. Lizarako aterpetik abiatu eta Fuenfriako xenda jarraituz, Kandantxura abiatuko dira. Gaua Kandantxuko aterpetxean igaroko dute. Igandean, Canfranc herritik abiatuz, La Moletako gailurrera abiatuko dira.

Bazkideek 90 euro ordaindu beharko dituzte irteeran parte hartzeko; gazteek aldiz, 55 euro (25 urte arte). Bazkide ez direnek 100 euro ordaindu beharko dituzte, eta gazteek, 60 euro. Guztira 40 plaza daude. Elkarteak udaberriko ohiko arropa eramatea gomendatu du; beroki/euritakoren bat, makilak, esku-zorroak, bi egunetarako mokaduak, ura eta abar. Irteera goizeko 06:00etan izango da, Agueseko biribilgunean.

Izena emateko pagoetame@gmail.com helbidera idatzi daiteke, norberaren datuak emanez eta ordainagiriaren dokumentua erantsiz. Bestalde, elkartearen egoitzara jo daiteke (Santa Marina 2-1) ostegunean, 20:00tik 21:00ra.

Esker mezua

Antolatutako ekintzez gain, Pagoeta mendizale elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkie Pagoeta Egunean laguntzen aritu ziren boluntario nahiz hornitzaile guztiei, tartean Batela arraindegiari, "azken momentuan izotzez hornitu" baitzituzten. "Lan asko egin behar izaten da egun horretan, eta denen laguntza eskertzea beharrezkoa iruditu zaigu", azaldu dute. 

Bide batez, elkarteak gehitu nahi izan du mezak izandako arrakasta "urria" izan zela ikusita, aurten ere ez dutela horrelakorik antolatu. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide