Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen arratsaldeko parte hartze datuak eman ditu 18:00etan Espainiako Barne Ministerioak. 2019arekin alderatuta jaitsiera egon da, eta goizeko datuetan baino jaitsiera handiagoa atzeman daiteke arratsaldekoetan, %44,25ek eman baitute botoa, eta parte hartzea ia 14 puntu jaitsi baita 2019tik –zehazki, 13,89–, orduan %58,14koa izan zelako.
Goizean, 5.978 herritarrek eman dute boza Zarautzen 12:00ak arte, hautesle erroldaren %32,25ek. 2019an, %41,79koa izan zen lehen orduetako parte hartzea. Beraz, 9,54 puntu jaitsi da parte hartzea duela lau urteko hitzorduarekiko eguerdian.
Dena den, kontuan hartu behar da 2019an udal eta foru hauteskundeekin batera egin ziren urte hartan Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak.
Bestalde, Gipuzkoako parte hartze datua baino zerbait altuagoa da Zarauzkoa: hautesle erroldaren %40,06k eman du botoa lurraldean, eta 2019tik 13 puntu jaitsi da.
20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak, eta 23:30erako jakingo dira emaitzak. Webgune honetan grafiko bidez emango dira emaitza horiek, eta bihar albiste landuagoa irakurtzeko aukera egongo da.