Zarauzko Udalak herritarrei erakutsi die Santa Klarako eraikinei zer erabilera eman nahi dien

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 8a, 08:00

Hainbat herritar, ostegun arratsaldean, Santa Klaran, proiektuaren proposamena adi entzuten. (Onintza Lete Arrieta)

Udalak ostegun arratsaldean egin zuen jendaurreko aurkezpena Santa Klaran bertan, eta azaldu zuten hurrengo pausoa izango dela proiektua idazten amaitzea.

Zarauzko Udalak bilera irekia egin zuen ostegun arratsaldean herritarrekin Santa Klara proiektuaren egoera zein den azaltzeko, eta 70 lagun inguru elkartu ziren Santa Klaran bertan. Leire Arana Partaidetza zinegotziak eman zion hasiera aurkezpenari, eta azaldu zuen bileraren helburua zela "proiektuaren momentuko egoera ezagutzera ematea". Eraikinaren "muga eta berezitasunak kontuan hartuta, espazio honek zer aukera eman dizkigun erakutsi nahi da planoen gainean", esan zuen. 

Proiektua lantzen ari diren arkitektoei hitza eman aurretik, Aranak aurreko pausoen laburpena egin zuen, tartean parte hartze prozesuarena eta handik ateratako ondorioen txostenarena. "Herritarrei galdeketa eginda, argi ikusi zen areto baten beharra zegoela, eta horren erabilera nagusiak kontzertuetarako, antzerkietarako eta proiekzioetarako izan behar zutela. Ondoren, sormen espazioen beharra ere ikusten zen arte plastikoetarako, arte eszenikoetarako entseguak egiteko, interpretazio espazioak... Erakusketarako espazioak ere beharrezkoak ikusten ziren, baita Mediatekaren beharra ere", azaldu zuen zinegotziak.

Txosten horretan oinarrituta egin du lanketa Ur arkitektura estudioak, "espazioak berak dituen mugen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak utzitako mugen barruan".

Bileraren amaiera aldera hartu zuen hitza Irune Urbieta Kultura zinegotziak, eta proiektuaren xedea zein den azpimarratu nahi izan zuen: "Proiektu honen helburu nagusia da Santa Klara bizirik egotea, jendea egotea goiz, eguerdi eta arratsalde, astelehenetik igandera arte, eta mugimendua egotea. Hori da udalaren nahia".

Espazioak eta funtzioak

Eraikin multzoak denboran zehar izandako garapena azalduz hasi zen hizketan Xabier Uranga Ur aktitektura estudioko ordezkaria, eta gero azaldu zuen eraikinek duten babes mailagatik, berrikuntza lanetan erabili beharreko "irizpideak zientifikoak" izan direla.

Hainbat argazki eta plano erakutsi zituen, eta eraikin bakoitzarekin zer egitea proposatzen duten azaldu zien herritarrei. Espazioen erabilera "denboran zehar aldakorra" izan daitekeela ere esan zuen, orain espazio bakoitzari funtzio bat eman dioten arren. Aranak ere ideia hori azpimarratu zuen amaieran: "Espazio gehienak erabilera anitzerako planteatzen dira", nabarmendu zuen.

  • Mojen egoitza: karratua da, eta behe solairua, lehenengo solairua eta bigarren solairua ditu. Sarrera nagusia bertan egongo da, baita harrera ere. Igogailua izango du. Patioaren inguruko espazioak erakusketa gelak nahiz erabilera anitzeko gelak izango dira: sorkuntzarako, bileretarako, erakusketetarako... Sarrera nagusia erabili gabe, aukera egongo da kanpoaldeko beste sarrera batzuetatik sartzeko horietara. Kanpoko espazioarekin lotura izango du barneko eraikin horrek. Patioa itxi egingo dute bigarren solairuko terrazaren mailan, sabai-leiho moduan. Mediateka lehenengo eta bigarren solairuetan banatuko da, eta patioaren bueltan jarriko dituzte irakurketa gelak, argi naturala aprobetxatzeko. Klaustroan, Kultura saileko bulegoak egongo dira. 

  • Eliza: solairu bakarra dauka, eta sarrera independentea izango du. Desakralizatuta dago, eta areto gisa erabiliko da. Sakristia egon den tokian aldagelak izango ditu, eta korua mantenduko du sarreraren alde batean. 200 eserleku inguru izango ditu.

  • Externas bolumena: behe solairua eta lehenengo solairua ditu. Igogailua eta eskailerak edukiko ditu, eta sarrera independentea. Ebro Etxeako jardueren zati bat hartuko du: behe solairuan zeramika lantzeko espazioak egongo dira, "baina biharko egunean beste edozer jarduera har dezake, espazioek ez dutelako betirako definizio zehatz bat". Lehenengo solairuan joskintzako eremua egongo da, baita argazkilari elkartearen espazioa ere.

  • Kapilauaren etxea: behe solairua dauka, eta kafetegia egongo da hor, eraikin multzoaren sarreran.

  • Ukuilua: behe solairua eta lehenengo solairua ditu. Igogailua eta eskailerak izango ditu, eta Ebro Etxeako jarduerentzat izango da. Bulego bat eta erabilera anitzeko gela bat edukiko ditu, baita altzariak zaharberritzeko eta birziklatzeko eremu zabala ere. Patiora edo plazara irteera edukiko du. Lehenengo solairuan, berriz, pinturako gelak egongo dira.

Hasieratik aldundiko Kultura departamenduarekin elkarlanean aritu direla esan zuen Urangak, eta aldundiaren irizpidea izan dela komentuaren lehenengo solairuko korridoreetako bi aldeetan dauden mojen zeldak bere horretan mantentzea.

Horregatik, "modu naturalean liburutegiko apalak jarriko dira horma horien kontra, edo kasu puntualetan, ikasgelak sartuko dira". Solairu horren beste espazioak "modu malguagoan" planteatu dituzte.

Elizako erretaulek eta koruak ere babesa dute, eta elementu horiek ezingo dituzte ukitu, eta bere horretan mantenduko dituzte. Kanpoko horma edo harresiak ere babesa du, eta hori ere mantendu egingo dute.

Hurrengo pausoak

Leire Aranak Gukari azaldu dio hurrengo pausoa dela Ur arkitektura estudioak proiektua idazten bukatzea "bilera irekiko iritziak kontuan hartu eta landu ondoren".

Proiektua idaztea bukatutakoan obra lizitatuko dute, eta asmoa da 2026ko martxorako obrak amaitzea –diru laguntzei lotuta dagoelako–. Ondoren etorriko da barrua janztea, ekipamenduz hornitzea, alegia.

Bestalde, udazkenean Amalur parkearen inguruan ere prozesua abiatzeko asmoa du udalak, herritarren iritziak jasotzeko parkean egin nahi denaz. Hilerria dago hor, eta legez babestuta dago; hutsik dago, baina hor mantenduko dute, beraz.

Komentua historian zehar

"Komentua eraikin multzoa da, eta XVII. mende erdialdean sortu zen, mojen egoitzarekin. Planta karratua dauka, patio batekin, eta klaustro bat du patioaren inguruan. 40 urtera, eliza eraiki zuten, eta handik 50 urtera, orain Externas izenarekin ezagutzen den  bolumena eta kapilauaren etxea. XX. mendean, berriz, ukuilua eraiki zuten, eta XX. mendearen bigarren erdian bi eranskin egin zizkioten hegoaldeko fatxadari", kontatu zuen Xabier Uranga Ur arkitektura estudioko ordezkariak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide