Herritarrek hainbat galdera eta kritika egin dizkiote udalari Santa Klarako proiektuaz

Onintza Lete Arrieta 2024ko eka. 8a, 08:00

Herritarrak, ostegun iluntzean, aurkezpena amaitu berritan Santa Klara aurrean solasean. (Onintza Lete Arrieta)

Ostegun arratsaldean jendaurrean azaldu zuten udalak eta Ur arkitektura estudioak Santa Klarako eraikinei zer erabilera eman proposatzen duten, eta bileraren amaieran hainbat herritarrek eman zuten beren iritzia, baita zalantzak plazaratu ere.

Zarauzko Udalak bilera irekia egin zuen ostegun arratsaldean herritarrekin Santa Klara proiektuaren egoera zein den azaltzeko, eta 70 lagun inguru elkartu ziren Santa Klaran bertan. Bileraren amaieran herritarrek hitza hartzeko aukera izan zuten, eta dezente animatu ziren galderak egitera nahiz beren iritzia ematera.

Herritar batek, esaterako, galdetu zuen ea Ondare sailak patioa estaltzeko baimena eman zien, eta Xabier Uranga arkitektoak esan zuen baimena lortu zutela. "Beste adibide batzuk erakutsi genizkien, Gipuzkoatik kanpokoak, eta beraiekin adostu ditugu eraikitzeko xehetasunak eta. Ondo ikusi dute".

Beste herritar batek galdetu zuen ea erabilera anitzeko gela horietan soinuarekin lotutako jarduerarik aurreikusi duten, eta arkitektoak erantzun zion momentuz proposamenean ez dagoela halakorik definituta. "Moldatu daiteke; behar zehatzak zein diren jakinda, espazio egokia aurkitu daiteke, tamaina eta ezaugarri askotako espazioak daudelako, baina oraingo proposamenean ez dago soinuarekin lotutako espaziorik", zehaztu zuen.

Erabilera anitzeko gelei buruzko galdera gehiago ere egon ziren. Esaterako, pertsona batek jakin nahi izan zuen sortzaile bat ez bada Ebro Etxeako kidea erabil ahal izango dituen espazio horiek, hau da, instalazioak eta azpiegiturak prest dituzten espazioak. Irune Urbieta Kultura zinegotziak hartu zuen hitza orduan, esateko udalean ez dutela halako eskaerarik jaso eta komenigarria dela eskaerak egitea, beharrei egoki erantzun ahal izateko.

Elkarlanerako aukerak ikusten dituela ere esan zuen zinegotziak: "Uste dut elkarlana posible dela Ebro Etxearekin, eta espazioak ireki daitezkeela, eta gauza bera aretoekin. Sortzaile bat etortzen bada esanez proiektu bat duela eta entseatzeko tokia behar duela ordutegi zehatz batean, beheko hainbat eremu egongo dira prestatuta kanpotik, beste eremuetatik pasatu gabe, sartu ahal izateko. Gainera, lehen ere esan dugu: proposamen hau ez da behin betikoa, zirriborroa baizik". Herritarrak Urbietari erantzun zion Santa Klarari buruzko bilerara joan zirela eta berak esandako "hori guztia idatzita" gelditu zela orduan.

Kritikak ere bai

Proposamenari kritika zuzenak ere egin zizkioten. Batek, esaterako, esan zuen arkitektonikoki zer gauza egin daitezkeen azaldu zutela bileran, baina bazeudela "hartu beharreko erabaki batzuk ere", eta horiek ez dituztela arkitektoek erabakitzen; esaterako, zer erabilera eman espazioei. "Gaizki ez badut ulertu, inkestan bi gai nagusi agertzen ziren, bat egungo elizarena, eta bestea, sormenerako espazioarena. Zuen proposamenarekin harrituta gelditu naiz, sortzaileek esan dutelako zer behar dauden, eta zuek planteatzen duzuelako Ebro Etxea eta liburutegia hona ekartzea eta kito. Hankamotz ez, uste dut hankarik eta bururik gabea dela planteamendua, aukera zoragarria daukagulako honelako espazio batean sormen eta kultura espazio eder bat sortzeko, eta alferrik galduko delako". Musika taldeak aipatu zituen, "toki faltan, alokairuak ordaintzen" ari direnak, baita grabaketa estudio publikorik ez egotea ere herrian. Bertaratutakoen txaloak jaso zituen herritar horrek.

Udal ordezkariek ez zioten erantzun, baina bai herritar batek: "Zarauzko ia 400 familia daude Ebro Etxearekin eta hango sormenarekin lotuta gaur egun, eta errespetu falta izugarria iruditu zait esan duzuna".

Beste entzule batek ere hartu zuen hitza, esateko bi aldeekin zegoela ados, baina iruditzen zitzaiola "beste urrats bat" eman beharko litzatekeela, "eraikin honek ematen duelako aukera". Mediatekan espazioak adinaren arabera zergatik bereizten diren ez zuela ulertzen esan zuen, eta arkitektoak erantzun zion soinu aldetik elkarri ez molestatzeko dela, baina batzuek eta besteek elkar ikusiko dutela uneoro, espazioak kristalez banatuta egongo direlako.

Aretoaren gaitasuna kritikatu zuenik ere izan zen bileran. "Uste dut ez dela nahikoa 24.000 biztanle dituen herri batek 200 ikuslerentzako aretoa edukitzea; Modelo badago jada. Herri honetan ezin da 300, 400 edo 600 lagunentzako ekitaldirik antolatu, ez bada kirol espazio batean, eta hori herri honen hutsune handi bat da", iritzi zion. Arkitektoak erantzun zion ados egon daitekeela bere iritziarekin, baina hemen [lurraldea] elizaren aukera bakarra areto gisa erabiltzea dela.

Azkenik, Alprojako kide batek eman zuen iritzia, eta proiektuaren eta parte hartze prozesuaren hainbat zati kritikatu zituen: "Kultur eragile moduan bileretan parte hartu dugu, eta arte eszenikoek gabezia handia edukita, proposamenean horren inguruan ezer ez ikusteak zalantza sortzen du. Jada beste toki batzuetan dauden gauzak hona ekartzeak aukera galdu baten sentsazioa ematen du, eta zalantza bat beste espazio horiekin zer gertatuko ote den. Eta kritika egin behar dut parte hartze prozesuaz ere: kultur eragile pila bat bildu ginen eta sentsazio nahiko partekatua izan zen hori ez zitzaigula parte hartze prozesua iruditu, bilera informatibo bat baizik. Askok luzatu genuen eskua bileretan parte hartzeko, gure gogoeta egin eta beharrak adierazteko, Alprojatik zuekin bilduta esan genizuen ea prozesua nola zegoen, guk jarraitzen genuela prest biltzeko, eta gaurko deialdi gonbidapenera arte, ez dugu beste ezer jaso. Uste dut hainbat elkarte gaudela hainbat beharrekin eta, nahiz eta ez izan guretzat, ikusten dugula herri bezala espazio berri batek sortzen duen aukera ez dugula pasatzen utzi nahi eta, hor, ez dugu informaziorik eta elkarrizketarik eduki, eskaeretatik aparte".

Proiektuak kafetegi bat aurreikustea ere gogor kritikatu zuen: "Santa Klarako bileretara etorritakoan, esan zitzaigun arazo handiena espazio falta zela. Hortaz, planoetan ikustea kafetegi bat, Zarautzen erdigunean gaudenean, kafetegiz inguratuta... Ez dut uste udal eraikin bat ostalaritzarako erabili behar denik, are gutxiago kultur eragileentzat espaziorik ez dagoela esaten denean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide