Etxe guztietara banatuko dute Santa Klararen erabilera definitzeko parte hartze prozesuaren txostena

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 18a, 14:31

Iker Basurko eta Leire Arana zinegotziak Santa Klara aurrean, parte hartze prozesuko irudiarekin. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak abuztutik irailera egin du parte hartze prozesua Urbanbat kooperatibaren bitartez. Prozesu horretatik ateratako ondorioak oinarri hartuta, orain hasiko dira idazten proiektua, eta lanak 2026an amaitzea aurreikusten da.

Zarauzko Udalak herriko etxe guztietara banatuko du Santa Klara komentuari buruz uda partean egindako parte hartze prozesuaren ondorioak jasotzen dituen txostena. Txostena eta galdeketa biltzen dituen eranskinak udalaren webgunean ere eskuragarri daude. Txosten horretan bi gauza jaso dituzte: herritarren ustez, ekipamendu kultural horretan zer erabilerak izan behar lukeen lehentasuna; eta espazioen kudeaketari eta erabilerari buruz herritarrek egindako ekarpenak.

Labur esanda, herritarrek sorkuntzarako eta emanaldietarako izatea nahi dute Santa Klara, hau da, bi erabilera horiek lehenetsi dituzte, eta kudeaketari dagokionez, azpikontratazioak saihestea eskatu dute, baita Kultur Mahai bat sortzea eta kudeaketan herritarrek eta eragileek ahotsa izatea ere.

Urbanbatek egindako parte hartze txostenean jasotako grafikoa, bozketaren emaitzekin.

Parte hartze prozesua aurtengo abuztutik irailera egin zuen udalak Urbanbat kooperatibaren bitartez. Galdeketan 446 norbanakok eta 40 talde edo eragilek parte hartu dute, eta beste 80 lagunek kultur eragile eta herritarrekin egindako aurrez aurreko bileretan. Hala, Leire Arana Partaidetza zinegotziak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten zarauztar guztiei: "Entzuketa, hausnarketa eta bilketa lana izan da: ideia laborategi bat. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. Orain, prozesuak bere bidea darrai", esan du.

Hurrengo pausoak

Behin parte hartze prozesua amaituta eta ondorioen txostena idatzita, txostenaren egileek azaldu dute orain "iritzi, irizpide eta zalantza horiek talde teknikoari helaraziko" dizkiotela, horrek "proiektu arkitektonikoan kontuan har ditzan". Azpimarratu dute garrantzitsua dela kontuan hartzea eraikinaren espazio banaketari, zonifikazioari eta barruko loturei buruzko erabaki asko "datozen hilabeteetan jarriko diren ondare-babeseko betebeharren araberakoak" izango direla.

Aurreikuspenen arabera, komentuko lanak 2026. urtean amaituko ditu udalak. Izan ere, aurten hiru milioiko diru laguntza jaso du Europako Next Generation diru funtsetik, eta trukean, epe batzuk bete beharra ditu. Horra iristeko, ordea, oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu du Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotziak: "Santa Klara berritzeko lehen prozesua burutu dugu, baina oraindik bide luzea gelditzen da, eta lan asko. Hemendik aurrera, arkitektoek beren proiektua aldundiko eta Jaurlaritzako teknikariekin elkarlanean landu beharko dute", esan du.

Espazioak

Txostenak jasotzen dituen ondorioei dagokienez, lanaren egileek argi utzi nahi izan dute "ondorioek laburrak eta zehatzak izan behar dutenez", ez dutela islatzen erantzunen osotasuna eta heterogeneotasuna. Hala ere, eranskinetan jasota daude bai herritarrei eta kultur eragile eta sortzaileei egindako galdetegiaren emaitzak, bai gune irekian landutako gaien ondorioak, eta horiek herritar guztientzat eskuragarri daude. "Ekarpenak askotarikoak eta aberatsak izan dira. Beraz, horiek lasai irakurri eta aztertzea aholkatzen da, ideia guztiak jasotzeko, ñabardurak antzemateko eta denak kontuan hartzeko", idatzi dute txostenean bertan Urbanbat enpresako kideek.

Herriak beste hainbat kultur espazio ditu gaur egun. Urbanbatek parte hartze txostenean jasotako irudiak dira.

Santa Klarak izan behar dituen erabilerei dagokienez, sorkuntza-espazioek dute lehentasuna "eraikinaren programa egituratzaile gisa". Erabilera desberdin asko egiteko espazioak eskatu dituzte herritarrek, eta proposatutako erabileren artean ondokoak nabarmentzen dira: arte plastikoetarako espazioak, arte eszenikoen entsegurako eta interpretaziorako espazioak eta eragile sortzaileentzako topaguneak.

Emanaldi aretoa da lehentasunezko beste elementua, eta hori elizan kokatzea planteatu da. 250 pertsonentzako ikuskizunak eskaintzeko aukera ematen du espazio horrek. Batez ere kontzertuak, antzerkiak eta proiekzioak proposatu dituzte herritarrek, eta sustatu nahi dituzte dantza erakustaldiak, poesia eta literatura errezitaldiak, aurkezpenak, bertso saioak, entseguak, tailerrak, bilerak, topaketak, prestakuntzak eta mahai inguruak. Espazio txikiago bat ere eskatu dute, 100 lagunentzako.

Santa Klarak mediateka edukitzea ere nahi dute herritarrek, "modernoa, XXI. mendera egokitua", eta batez ere irakurgelak, ikasgelak, erabilera anitzeko gelak eta taldeetan ikasteko gelak izango dituena.

Kudeaketa

Santa Klara zertarako erabili pentsatzeaz gain, hori nola kudeatu ere hausnartu dute parte hartze prozesuan, eta batetik, azpikontratazioak saihestea eskatu dute herritarrek eta eragileek. "Kudeaketa oraindik landu beharreko gai garrantzitsutzat jo da" txostenean, baina aldi berean, eskatu dute erabakiak hartzeko herritarrei kudeaketa ereduak aurkeztea eta adostasuna neurtzeko adierazleak ezartzea.

Santa Klararen kudeaketa "polifuntzionala" izatea aldarrikatu dute: hau da, "kultur eragile asko bateratuko dituen kudeaketa sistema behar da, zentroa haien arteko topagune izan dadin". Zerbitzuen izaeraren arabera, kudeaketa banatzea proposatzen da: alde batetik, mediateka udalaren esku egotea, eta, bestetik, sormen-gunea, emanaldi aretoa, erakusketa gelak eta programazioari lotutako gainontzeko espazioak herritarren parte hartzearekin kudeatzea.

Horrekin lotuta, "herriko eragileekin Kultur Mahaia osatzea eskatzen da. Agente aholkulari edo antzokiaren edukiaren antolatzaile gisa jardungo luke". Batzorde horren izaeraren inguruko hainbat ideia bildu dira txostenean.

Hausnarketa

Zarautzek hainbat kultur ekipamendu du gaur egun, eta Santa Klara gehituko denez, guztiak berrantolatzeko plan estrategikoa behar dela ere jasotzen du txostenak bere ondorioetan. Herrian egun eskaintzen ez diren hainbat zerbitzuren eskaera handia dela ere bildu du txostenak, eta ondorengo hauek zehaztu ditu: adinekoentzako aisialdi unibertsitatea, hizkuntza eskola, familientzako guneak…

Bestalde, "elkarte eta talde askok adierazi dute egun erabiltzen dituzten espazioak desegokiak direla, haien jarduerak garatzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide