Europako Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak izango dira bihar, igandea, eta herritarrek haien ahotsa Europan nork ordezkatuko duen hautatu beharko dute egun horretan. Atzo izan zen, hain justu, hauteskunde kanpainako azken eguna.
Oraingoan, 720 eurodiputatu izango dira Europako Parlamentua osatuko dutenak; aurreko legegintzaldian baino hamabost gehiago. Hala, Euskal Herriko herritarrek Espainiako Estatuko 61 eurodiputatuen eta Frantziako Estatuko 81 diputatuen artean izango dituzte ordezkariak.
Hautagaitzei dagokienez, Espainiako Estatuan 33 izango dira. Esaterako, EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan aurkeztu da hauteskundeetara, ERC, BNG eta AraMes taldeekin batera. EAJk, bere aldetik, zerrenda bat osatu du Coalicion Canariarekin batera, Coalicion por una Europa Solidaria (CEUS) izena daramana. Espainiako Estatu mailako alderdiak ere izango dira, hala nola PP, PSOE, Podemos eta Sumar.
Urola Kostan, 58.315 herritar
Guztira, Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeetako 450 milioi herritar inguru daude bihar bozkatzera deituta. Hautesle erroldaren arabera, Urola Kosta eskualdean 58.315 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. 09:00etatik 20:00etara bitartean egin beharko dute, egokitutako hateslekuan. Aian 1.562 herritar daude bozkatzera deituta, 566 Aizarnazabalen, 8.499 Azkoitian, 11.375 Azpeitian, 110 Beizaman, 447 Errezilen, 2.150 Getarian, 4.551 Orion, 18.436 Zarautzen, 2.780 Zestoan eta 7.839 Zumaian.
Emaitzak ohi baino beranduago emango dituzte, herrialdeen arteko ordu desberdintasunak tarteko. Zenbaketaren datuak 23:30erako jakinaraziko dituzte. Egun horren jarraipena egingo du Gukak: hain justu, parte hartze datuak emango ditu, eta gauean zenbaketa datuen infografiak ikusgai izango dira webgune guztietan. Hauteskundeen inguruko albiste landuagoak astelehenean argitaratuko ditu webguneetan.