Naiara Villasantek Europako Kopako bi proba jokatuko ditu

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 6a, 18:00

Naiara Villasante junior mailako Espainiako Judo Txapelketako finala irabazi berritan, garaipena ezin sinistuta. (Espainiako Judo Federzioa)

Judoka zarauztarra Espainiako selekzioarekin arituko da, Madrilen, asteburu honetan, eta, Erresuma Batuan, hurrengoan. Lizardi Judo Klubak, bien bitartean, aurrera jarraitzen du 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiekin.

Nekez ahaztuko duen denboraldia agurtzear da Naiara Villasante judoka zarauztarra. Emaitza bikainak lortu ditu aurten; tartean, urrezko domina Espainiako txapelketan, baina atseden hartzeko udako etenaldiaren aurretik, goi mailako beste bi proba jokatuko ditu. Biak ala biak nazioartekoak izango dira, Espainiako selekzioaren deia jaso baitu European Cup txapelketa lehiatzeko. Hala, Madrilen arituko da etzitik aurrera eta Birminghamen (Erresuma Batua) datorren asteko asteburuan.

Villasantek ez du atseden hartzeko tarte handirik izango txapelketa batetik bestera; izan ere, Madrilgoa amaituta, han bertan geratuko da Errendimendu Handiko Zentroan bi eguneko egonaldia egiteko. Horren ondoren itzuliko da Zarautzera eta Bilbotik bidaiatuko du Birminghamera.

Ospakizun ekitaldiak

Judoka zarauztarraren taldea, Judo Klub Lizardi, bere 25. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dago bete-betean. Duela bi hilabete abiatu zituen eta joan den larunbatean ekitaldi handia antolatu zuen festarekin jarraitzeko. Hala, ia 200 judoka bildu ziren Lizardi Instituturen kanpoaldean atondu zuten 300 metro koadroko tatamian.

Nolanahi ere, klubak argitu du judoka guzti horiek ez zirela herriko taldekoak. Judo Klub Lizardik gonbidatuta, Frantziatik etorri ziren horietako asko, Bretainiako Pont-l'Abbé herriko klubetik, hain zuzen, entrenamendu bateratu egiteko. Zarauzko taldeak zehaztu duenez goraino betetako 55 plazako autobusean bertaratu ziren, eta kirolariekin batera bi teknikarik eta klubeko presidenteak parte hartu zuten espedizioan. Horrez gain, azaldu du Zarautz hotelean hartu zutela ostatu, eta entrenamenduaren ondoren herria eta inguruak bisitatzeko aukera izan zutela.

Entrenamenduari lotuta, etxeko taldeko teknikari batek zuzendu zuen eta bi ordu iraun zituen. Bertan, azalpen tekniko batzuk eman zituen teknikariak eta praktika libreko, zoruko eta zutikako ariketak egin zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide