Asfaltatze eta pintatze lanak amaitu ondoren, Hegoaldeko aparkaleku berria ireki dute, 400 ibilgailurentzako edukierarekin. Aparkalekuaren zati bat ireki dute, 250 ibilgailuentzako edukierarekin. Bigarren erdia datorren hilean egongo dela erabilgarri azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak, bertan egiten ari diren lanak amaitutakoan.
Aparkaleku hau lehen Construcciones Metálicas Arregi eta Manufacturas Zarautz zeuden lursailetan dago. Bi pabiloiak erabilerarik gabe zeuden eta udalak akordio bat sinatu zuen bere jabeekin espazio hau zarauztarrei eta bisitariei aparkaleku zerbitzua emateko erabili ahal izateko.
Aparkalekuak Araba kaletik izango du sarrera, Eroskiko biribilgunearen ondoan, eta irteerak Bizkaia kalera emango du. "Ildo horretan, Bizkaia kaleko sarbideak egokitzeko lanak ere egiten ari dira, eta, horrela, inguru horretan bi noranzkoetako zirkulazioa ahalbidetzeko ", gaineratu du Basurkok.
Aparkalekuak urte osoan zehar emango du zerbitzua; neguan, inguruko bizilagunei doako zerbitzua emango die, eta udan, TAO binetaren erabiltzaileak zein bisitariak jasoko ditu. Udako denboraldian, aparkaleku hori gune bigunean (berdean) sartuko da. Egun erdiko tarifa bost eurokoa izango da, eta egun osokoa, hamar eurokoa.