Karraskarien ugaritzea kontrolatzeko prebentzio kanpaina jarri du martxan udalak

Julene Sorarrain 2024ko eka. 8a, 14:00

Karraskarien kanpaina. (Zarauzko Udala)

Datozen asteetan emango zaio hasiera ekintza hauei, Vista Alegre eta Zelai Ondo auzoetatik hasita.

Zarauzko Udalak prebentzio kanpaina bat jarri du martxan karraskarien ugaritzea kontrolatzeko. Horretarako, Irabia Control de Plagas enpresak, herriko izurriteak kontrolatzeaz arduratzen denak, prebentzio-neurriak ezarriko ditu herri osoan zehar, animalia horien hazkundea ekiditeko. Datozen asteetan emango zaio hasiera ekintza hauei, Vista Alegre eta Zelai Ondo auzoetatik hasita.

"Udalak aldian-aldian egiten ditu kanpaina horiek karraskarien ugaritzea prebenitzeko gure kale eta lorategietan", jakinarazi du Obra, Zerbitzu eta Bizi Kalitateko zinegotzi Iban San Martinek. Prebentzio kanpainarekin batera, eta zenbait bizilagunek emandako abisuei erantzunez, neurri zuzentzaileak hartuko dira herriko beste hainbat eremutan, karraskari horietako batzuk daudelako. San Martinek lur-mugimendu handiak egiten direnean arratoien presentzia areagotzen dela azaldu du, esaterako Salberdinen eta Iñurritzan egiten ari diren urbanizazio obrekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide