Euskal diasporako Biotzetik abesbatza herrian izango da etzi

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 5a, 17:15

Boiseko Biotzetik korua. (euskalkultura.eus)

Euskal Herritik Estatu Batuetara artzain joandakoen ondorengoek osatzen dute abesbatza eta euskaraz aritzen dira kantuan.

Joan den astetik Boiseko (Idaho, Estatu Batuak) Biotzetik korua Euskal Herrian da eta herriz herri da emanaldiak eskaintzen. Euskal Herritik Ipar Amerikara artzain joandako herritarren ondorengoek osatu dute abesbatza eta euskaraz aritzen dira kantuan. Bada, haien arbasoen aberrian egiten ari diren biraren barruan, Zarautzen geldialdia egingo dute etzi. Herriko Montetxio koruarekin batera ariko dira Musika Plazan 12:00etan.

Nolanahi ere, Zarauzkoa ez da eskualdean eskainiko duten saio bakarra izango; izan ere, aurrez, Getariako parrokian abestuko dute. Getariako Udalak 10:00etan egingo diee harrera ofizialaren ondoren, hain zuzen ere. Urola Kosta atzean utzitakoan, Gipuzkoako beste bi herritara joango dira: Pasai Donibanera, lehenik eta behin, bertan bazkaltzeko, Lasartera, gero, Xumela koruarekin Okendo plazan kantatzeko, eta, Donostiara, azkenik, bertan lo egiteko. Larunbatean, berriz, Gipuzkoatik atera gabe, Tolosan eta Iruran izango dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide