ZOZKETA

Bi antzerki emanalditarako sarrerak zozkatuko ditu Zarautz Gukak

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 4a, 15:00

'Mira hadi' ikuskizuneko une bat. (Loraldia Produkzioak)

Mira hadi eta Azken festa ikuskizunetarako udaleko Kultura sailak emandako sarrerak dira eta interesdunek etzi arteko epea dute izena emateko. Modelon taularatuko dituzte ostiralean eta igandean, hurrenez hurren.

Zarautz Gukak hiruna sarrera bikoitz zozkatuko ditu datozen egunetan Modelon taularatuko dituzten bi antzezlanetarako. Mira hadi eta Azken festa dira bi ikuskizun horiek eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak eman dizkio sarrerak hedabideari bere irakurleen artean banatu ditzan. Zozketarako izen ematea zabalik dago jada eta etzi eguerdian itxiko dute.

Mira hadi Loraldi Produkzioak konpainiaren ikuskizuna da eta ostiralean eskainiko dute, 20:00etan. Aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua argazkilariaren bizitzan eta irudi-lanean oinarrituko da antzezlana eta zuzeneko musikaz egongo da lagunduta. Maria Urcelay aktoreak kontatuko ditu Abaituari buruzkoak eta Lide Hernando musikaria arduratuko da hitzei soinua jartzeaz. Emanaldia ikusteko Zarautz Gukak egingo duen zozketan parte hartu nahi dutenek, lotura honetan egin dezakete.

Azken festa, berriz, haurrei zuzenduta dago eta igandean taularatuko dute, 16:45ean. Tomaxen abenturak konpainiaren da antzezlana, eta, hain justu, Tomax bera izango da protagonista Muxirekin batera. Bi pertsonaiak elkarrekin egin duten ibilbidea amaitzekotan dira, baina horren aurretik, batera egindako bidean bizitako unerik barregarrienak eta ederrenak bildu nahi izan dituzte. Bada, agur festa hori bertatik bertara ikusteko sarreren zozketan izena eman nahi dutenek, beste lotura honetan dute horretarako aukera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide