Gesalagaren eta Izeta V.aren igandeko lorpenak, irudietan

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 4a, 14:00

Igandean jokatu zituzten Tolosako zezen plazan Gazteen Mailako Euskal Pentatloiaren I. edizioa nahiz errekor saiakera, eta lanak ondo baino hobeto eginda, helburuak beteta amaitu zuten jardunaldia Iruretagoienak eta Gesalagak.

Igandean jokatu zuten Tolosako zezen plazan Gazteen Mailako Euskal Pentatloiaren I. edizioa, eta lanak ondo baino hobeto eginda, Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak lortu zuen txapela janztea. Jon Zaldua Zaldua II.a baino 22 segundo gutxiago behar izan zituen lanak egiteko, hain zuzen ere, 12 minutu eta 55 segundo. 

Honako lanak egin behar izan zituzten: 63 kiloko bola zortzi aldiz altxatu zuten, 250 kiloko harriarekin plaza bat egin zuten, kana erdikoa ebaki zuten, 35 kiloko txingekin hiru plaza egin zituzten eta zezen plazari hamar itzuli eman zizkioeten korrika (kilometro bat). 

Maddi Gesalagak ere ederki egin zituen bere etxeko lanak. 125 kiloko errektangular zaharra altxatzea zuen helburu marka ezartzeko, eta lortu egin zuen bigarren saiakeran. Zarauztarra hunkituta ikus zitekeen harria altxatu berritan, eta publikoari besoak altxatuz borobildu zuen goiza. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide