Euskal Jaien mendeurrenerako karroza lehiaketa antolatu du udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 4a, 11:15

2004ko Euska Jaietan egindako karroza bat. (Guka)

Epaimahaiak aurkeztutako proiektuetatik lau aukeratuko ditu eta horiek 2.400 euroko saria izango dute. Hautaturiko karroza proiektu bakoitzaren arduradunei 4 x 2,5 metroko plataforma bat utziko zaie, karroza gainean montatzeko. 

Euskal Jaien mendeurreneko egitarauaren barruan, festa horietako bereizgarri diren karrozei aipamen berezia egin nahi dio Zarauzko Udalak. Horretarako, lau karrozaren sorkuntza sustatuko du. 

Leire Arana Jaiak eta Ekitaldien zinegotziak azaldu du azkenengo urtetan lehiaketa hori egin ez duten arren mendeurreneko ospakizunerako berreskuratu nahi duela udalak, "Zarauzko Euskal Jai Eguneko elementu bereizgarriak" direlako historikoki. “Gaia aurrez lantzen ari ginen udalean, baina, gerora ere, herritarrei zuzendutako galdetegian ikusi dugu karrozak berreskuratu nahi dituztela zarauztarrek ere eta, hala, lehiaketarako oinarriak kaleratu ditugu, buruan ideiaren bat dantzan duten herritarrak animatu eta ospakizun berezi honetan aurkeztu dezaten”, azaldu du Aranak. 

Horretarako, karroza proiektuen lehiaketaren deialdia egin du Zarauzko Udalak. Bertan, parte hartzaileek "buruan daukaten karrozaren proiektua diseinatu beharko dute", hori ulertzeko lagunduko duen informazioarekin, hala nola maketekin, planoekin, argazkiekin, marrazkiekin edo memoria idatziarekin. Epaimahaiak aurkeztutako proiektuetatik lau aukeratuko ditu eta horiek 2.400 euroko saria izango dute. Hautaturiko karroza proiektu bakoitzaren arduradunei 4 x 2,5 metroko plataforma bat utziko zaie, karroza gainean montatzeko. 

Horretaz gain, erakunkdeak jakinarazi du proiektuak Turismo Bulegoan aurkeztu beharko direla  eta horretarako azken eguna ekainaren 14a izango dela, 20:00ak bitartean. Proiektuak egilea nor den adieraz dezakeen inolako daturik agertu gabe aurkeztuko beharko dira, eta proiektuarekin batera, kartazal itxi batetan, partehartzailearen datu pertsonalak eta NANren fotokopia bidali beharko dituzte sortzaileek. Kartazalaren eta proiektuaren kanpoko aldean egilearen lema joango dela azaldu du udalak. Hemen ikus daitezke oinarriak, osorik. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide