Beñat Arrutik 'Arkeologia haragitan' poema liburua aurkeztuko du bihar

Julene Sorarrain 2024ko eka. 3a, 15:30

Beñat Arruti psikologoa Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, Donostia Kultura VII. Poesia Lehiaketako saria jasotzen. (Donostia Kultura)

VII. Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi zuen martxoan, 50 poema inguru biltzen dituen Arkeologia haragitan obrarekin. Donostiako Udal Liburutegian egingo du lanaren aurkezpena bihar.

Beñat Arrutiren Arkeologia haragitan poema liburuak jaso du aurtengo DK Poesia Saria. Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiaren iritziz, besteak beste, "aipuz eta irakurketaz ondo hornitutako poema bilduma da, eta trebeki uztartzen ditu gogoeta eta hizkuntzaren distira". EHUn Psikologia ikasketak burutu ostean, Arrutik Ikerketa eta Esku-hartze Psikosozialeko Masterra burutu zuen Bartzelonan.

Gaur egun, adimen urritasuna duten pertsonekin egiten du lan Zarauzko eguneko zentro batean. Argitaratzen duen lehen sormen lana da hau eta bihar kaleratuko du, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. Aurkezpena 11:00tan egingo du, Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan.

"Denetarik dago, baina istorio intimoak eta pertsonalak dira orokorrean. Bidaia pertsonal bat bezala deskribatuko nuke Arkeologia haragitan. Liburu honetan dauden poemak behar batetik idatziak izan dira, bakarrik ateratakoak dira, eta hori oso aberasgarria dela uste dut", azaldu zuen idazleak Zarautz Gukari apirilean egindako elkarrizketan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide