Zarauzko Udalak berritze lanak egingo ditu uda sasoian Orokieta Herri Eskolako Haur Hezkuntzako eraikineko patioan. Duela urte batzuk Lehen Hezkuntzako eraikinean egindako ildo beretik hartu dutela erabakia adierazi du Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak. "Herri Eskolako instalazioak hobetzeaz gain, herritar guztiei zabalik egongo den aisialdi azpiegitura bat izango da honakoa”, gaineratu du
Ekopaisaia SLL enpresa arduratuko da 1.823,62 metro koadroko patioaren berrikuntza lanez; LHko eraikineko obrak ere enpresa berak egin zituen. Jasangarritasuna sustatzen duten jolas eremu naturalak sortzen eskarmentua dute, eta proiektu honetarako ere material naturalak erabiliko dituzte. Udalak 143.710,49 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du, eta lanei ikasturtea amaitu bezain pronto ekingo diete, ekainaren amaiera aldean. Hala, ikasturte hasierako prest egon dadin.
Maider Cachon Orokieta Herri Eskolako zuzendaria pozik agertu da obren atarian: "Duela 8 urte abiatutako ametsa egia bihurtuko da uda honetan eta haur txikienek naturalizatutako patio berriaz gozatzeko aukera paregabea izango dute". Bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkie "amets honetan" parte hartu duten guztiei eta Zarauzko Udalari.