Iruretagoiena eta Gesalaga, helburuak bikain lortuta

Mireia Galarza Bastida 2024ko eka. 2a, 17:30

Gesalaga, gaur Tolosan. (Ibon Errazu)

Maddi Gesalagak lortu egin du 125 kiloko errektangularra altxatzea 15 urterekin, eta horrenbestez marka berria ezarri du zarauztarrak. Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak, berriz, Zaldua gainditu du I. Gazteen Mailako Pentatloi Txapelketan

Gaur jokatu dute Tolosako zezen plazan Gazteen Mailako Euskal Pentatloiaren I. edizioa, eta lanak ondo baino hobeto eginda, Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak lortu du txapela jaztea. Jon Zaldua Zaldua II.a baino 22 segundu gutxiago behar izan ditu bere lanak egiteko, hain zuzen ere, 12 minutu eta 55 segundu. 

Honako lanak egin behar izan dituzte: 63 kiloko bola zortzi aldiz altxatu dute, 250 kiloko harriarekin plaza bat egin dute, kana erdikoa ebaki dute, 35 kiloko txingekin hiru plaza egin dituzte eta zezen plazari 10 itzuli eman dizkiote korrika (kilometro bat). 

Maddi Gesalagak ere ederki egin ditu bere etxeko lanak. 125 kiloko errektangular zaharra altxatzea zuen helburu marka ezartzeko, eta lortu egin du. Zarauztarra hunkituta ikus zitekeen harria altxatu berritan, eta publikoari besoak altxatuz borobildu du goiza. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide