Guka gara!

Festa giroan plazaratu da Guka

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 1a, 12:00

Zarauztarren aurrean aurkeztu zuen atzo arratsaldean UKTk Guka proiektua. Lege Zaharren Enparantzan elkartu ziren bazkide, kolaboratzaile, herriko eragile eta herritarrak, Julen Portillok gidatutako ekitaldian.

Urolako Komunikazio Taldeak Guka aurkeztu zuen maiatzaren 20an, erakundeei zuzendutako ekitaldian, eta, orain, bazkideen, kolaboratzaileen, herriko eragileen eta herritarren aurrean aurkezteko unea heldu da. Izan ere, marka herrira zabaltzeko asmoz, Gukakide festak antolatu ditu. Atzo arratsaldean, Zarautzen ospatu zen Gukakide Festa.

Lege Zaharren Enparantzan egin zen aurkezpen ekitaldia, 19:00etan hasita, eta Julen Portillo arduratu zen saioa gidatzeaz. Umorea erabiliz, Urola Kostako tokiko hedabideon bateratzeaz eta Guka marka estrategiaz aritu zen hizketan plazara bertaratu ziren zarauztar guztien aurrean. 

Bakarrizketa eta bakarrizketa artean, herriko hainbat eragile izan zituen solaskide: Nagore Etxabe herritarra eta euskaltzalea, Zirika euskara elkarteko Goizane Arana eta Beñat Intxauspe, eta ZKE Eskubaloiko Paulo Ostolaza eta Maddi Usandizaga. Horrez gain, Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko Amets Aizpuruak eta Jakes Etxeberriak ere parte hartu zuten bertsotan, eta Jalgi dantza taldeak erakustaldi hunkigarria eskaini zuen. Festa giroak aurrera jarraitu zuen ondoren, Merkatua Bizirik elkartearen prestutasunari esker, jan-edanerako tartean.

Herritarrengana gerturatu da Guka, haien babesik gabe ezinezkoa litzatekeelako proiektu honek aurrera jarraitzea. Hori horrela, Gukakide harpidetza kanpaina jarriko da datorren astean abian, eta eskainiko diren aukeren artean, Gukasteka Zarauzko astekari digital berria jasotzeko beta izango da, non herrian aspalditik dagoen hutsunea betetzera datorrena.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide