Aurrerapenarekin dator hondartza denboraldia aurten ere

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 31a, 11:00

Zarauzko hondartza, aste honetan. (Aritz Mutiozabal)

Ekainaren 15ean izango da irekiera ofiziala, baina udalak lehenago egitea erabaki du, iaz bezala, eta bihartik hasiko da zerbitzuak ematen.

Ekainean sartzearekin batera emango diote ongietorria udako hondartza denboraldiari Zarautzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak irekiera ofiziala ekainaren 15erako finkatu duen arren, udalak bi aste aurreratzea erabaki du, iaz bezalaxe, eta bihartik hasiko da hondartzako ohiko zerbitzuak ematen. Amaiera, ordea, aldundiak zehaztutako egunean egingo du; irailaren 15ean, alegia.

Hori horrela, Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi du "hondartzako toldoak, komunak eta dutxak bihartik erabiltzeko aukera" izango dutela herritarrek. Sorospen zerbitzuaz BPXport XXI enpresa arduratuko da aurten ere, eta 11:00etatik 20:00etara egunero arituko dira lanean 23 sorosle, hondartza burua, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidaria eta erizaina hondartza osoan bainularien segurtasuna bermatzeko. Sei bainu eremu zainduko dituzte hondartzan, eta moilan beste sorosle bat izango da.

Mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako lagundutako bainu zerbitzua emateaz sorosleak arduratuko dira, era berean, eta aulki anfibio bat eta lur orotako bi aulki izango dituzte eskuragarri, horretarako. Sorospen zerbitzuari lotutako zerbitzu horiek guztiak eskaini ahal izateko 839.970,80 euroko inbertsioa egingo duela argit du udalak.

Komunei eta dutxei lotuta, bestalde, hiru gune egokitu dituzte: Munoa plazaren beheko aldean dauden lokaletan, Madoz kalearen parean eta sorospen zerbitzuaren zaintza postuan. Horrez gain, Borguettoko eremuko komunak eta malekoian dauden bi komun autogarbigarriak erabiltzeko aukera izango dute bainulariek.

Hondartzaren garbiketa ere indartuko du udalak bihartik aurrera, eta, zehaztu du halaber, aldundia arduratuko dela goizerokoa egiteaz. Azkenik, jakinarazi du hondartzako sarrera guztietan plakak jarri dituztela, eskaileren ondoan, Kerik gabeko hondartza. Tabakorik ez! Eskerrik asko leloarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide