Deklaratzera deitu dituzte hiru grebalari feminista azaroaren 30eko grebako protestengatik

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 30a, 11:40

Goizaldean egin duten eserialdia autobideko Arroako ordaintokian. (David JuliĆ )

Desorden publikoak eragitea egotzi diete hiru pertsona hauei eta ekainaren 5ean deklaratu beharko dute Azpeitiko Epaitegian.

Azaroaren 30ean egin zen greba feministaren harira, protesta ekitaldietan parte hartu zuten hiru pertsona deitu dituzte deklaratzera, desorden publikoak egotzita. Datorren asteazkenean, hilaren 5ean, pasatuko dira epailearen aurretik, Azpeitian.

Zumaiako Mugimendu Feministak eman du gertaera honen berri. Ohar baten bidez azaldu dute egun hartan, azaroaren 30ean, goizaldean, hainbat grebalarik Arroako autobideko irteera moztu zutela, ordainleku aurrean eserialdia eginez. Horren ondorioz, auto-ilara luzeak sortu ziren Zumaia eta Zarautz arteko autobidean. "Egun osoan zehar, gainera, zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko ekimen ugari egin zituzten herrian; eguerdian eta iluntzean mobilizazio jendetsuak egin zituzten, gainera".

Goizaldeko bide-mozketan Ertzaintzak bi lagun identifikatu zituztela informatu du Mugimendu Feministak. "Bi kide horiek eta hirugarren bat –eguerdiko eta iluntzeko mobilizazioen informazio-orria bidali zuena–deklaratzera deitu dituzte orain, desordena delituak egotzita". Behin deklarazioaren ondoren, epaiketak aurrera jarraituko balu, sei hilabete eta hiru urte bitarteko espetxe zigorrera kondenatu ditzakete grebalari hauek.

Grebalariei elkartasuna eta babesa adierazteko, Urola Kostako Koordinadora Feministak elkarretaratzea deitu du asteazkenean, hilaren 5ean, goizeko 09:50ean Azpeitiko epaitegi kanpoaldean. Kontzentrazio honen bidez, prozesu judiziala bertan behera uzteko ere eskatuko dute eta grebako aldarrietan berretsiz zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde egingo dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide