Txaparrotan txapelketak helduentzako izen-ematea zabaldu du

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mai. 28a, 16:00

Emakume bat jaurtiketa egitear joan den urteko Txaparrotan txapelketan. (Intza Trula)

Haurren inskripzioak igandean itxi zituzten eta gaurtik astea amaitu arteko epea izango dute kadete mailatik aurrerako herritarrek gauza bera egiteko. Iaz bezalaxe, talde bakarrarekin aritu ahalko du jokalari bakoitzak.

Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Txapelketan parte hartu nahi duten kadete mailatik gorako herritarrek jada eman dezakete izena. Behin haurren inskripzioak itxita –igandean izan zuten azken eguna–, gaur zabaldu dute helduentzako epea. Ekainaren 2a, igandea, izango da izena emateko azken eguna eta lotura honetan egin daite. Txapelketa, berriz, uztaileko lehenengo asteburuan jokatu dute. Uztailaren 6an eta 7an, alegia.

Izen emateari lotuta, era berean, antolatzaileek jakinarazi dute iazko edizioan bezalaxe aurtengoan ere talde bakarrean aritu ahalko duela jokalari bakoitzak, "inor txapelketan parte hartzeko aukerarik gabe geratu ez dadin". Halaber, ohartarazi dute partaideren batek bi taldetan izena ematen badu edota bi taldetan jokatzen ikusten baldin badute, "bi taldeak zuzenean kaleratuko" dituztela.

Izena eman ondoren txapelketa jokatu ahal izateko egin beharreko ordainketari dagokionez, antolatzaileek ohartarazi taldeek ez dutela ordainketarik egin behar onartuak izan arte. Behin onartuta, bi eguneko epea izango dute 70 euroko diru sarrera egiteko. Horrez gain, jakinarazi dute zortzi partaidetik gorako taldeetan, 5 euro gehiago ordaindu beharko dituztela jokalari gehigarri bakoitzeko. Rural Kutxako kontu korronte honetan egin beharko dute ordainketa izena eman eta onartuak izan diren taldeek: ES97 3008 0181 3545 1127 3924.

Izen emateko prozesua errazte aldera antolatzaileek jarraitu beharreko urrats guztiei buruzko argibide zehatzak eman dituzte sare sozialetan:

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide